Iurretako Liburutegiak literatura jardunaldiak antolatzen ditu urtero. Aurtengoak Leire Bilbao poetari eskainiko zaizkio eta gaur, arratsaldeko 19:00etan hasita, ‘Hitza emez idazten da’ emakume idazleen berbaldia egingo da. Bertan Miren Agur Meabe, Castillo Suárez, Yolanda Arrieta eta Leire Bilbao bera izango dira, Ana Urkizak dinamizatutako ekitaldia (ekitaldi honetarako gonbidapena jaso behar da Iurretako Liburutegian).
Udalean honela definitzen dute Leire Bilbao: “Poeta handia, idazle emankorra, sortzaile ausarta baita”. Jardunaldiak antolatzeko asmoa “egun batzuetan zehar gure esku, etxe eta kaleak Leirez zipriztintzea” dela azaldu dute. Baita “bere obran azaltzen diren freskura, musikalitatea, jolasa, sakontasuna eta ahozkotasuna goratu” ere.
Euskal emakumeen literatura saioak zuzentzen dituen Marisa Barrenak “euskal poeten artean ahots propioa duen idazlea” dela uste du. Horretaz gain, “hitz gutxitan irudi ikusgarriak eraikitzeko gaitasuna erakusten” duela dio eta horregatik “plazer handia” dela haren poemak irakurtzea” azpimarratu du.
‘Leire Bilbao poesiaz blai’ ekimena pasa den astean hasi zen helduentzako irakurle klubean. Umeentzako irakurketak ere antolatu dira eskoletan.
Sariak eta itzulpenak
Leire Bilbao Ondarroan jaio zen eta Durangon bizi da. Zuzenbide ekonomikoan lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean. Gaztetan bertsolaritzan ibili zen eta kolaboratzaile aritu da zenbait komunikabidetan, hala nola Euskadi Irratian, Deian, eta Berrian.
Gaztetxotan hasi zen literatura lehiaketetan parte hartzen eta sariak jasotzen. 2006. urtean, haur eta gazteentzako liburuak idazteari ekin zion, eta urte horretan kaleratutako ‘Amonak nobioa du, eta zer?’ (Elkar) lanarekin ibilbide emankor eta aberatsari hasiera eman zion. Hurrengo urteetan etengabe plazaratu ditu Haur eta Gazte Literaturako idazlanak.
Hainbat sari jaso ditu. 2017an Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria eman zioten, ‘Xomorropoemak eta beste piztia batzuk’ poesia-liburuarengatik. Horretaz gain, Etxepare saria,’Gerrak ez du izenik’(Pamiela, 2013) liburuarekin eta Lizardi saria ere,’Pikondoaren balada’(Elkar, 2016) liburuarekin eskuratu ditu. Beren liburu batzuk gaztelerara eta beste hizkuntza batzuetara ere –Estatu Espainierreko hizkuntzetara eta Europako hizkuntzetara- itzuli dituzte.