Mireia Delgadoren ‘TRANSexualitateak’ liburua aurkeztuko da gaur Durangon (San Agustinen, 18etan) , ‘Gorputz oker bakarra gorputz poliziala lelopean’ Bilgune Feministak antolatu dituen jardunaldi batzuen barruan.
Egileari Bilgune Feministaren aldizkaria ‘Emaraun’-en, egin zioten elkarrizketa erreproduzitzen dugu:
Mireia Delgado Exposito Bilgune Feministako kide dugu eta bertako sexualitate lan taldean aritzen da aspaldidanik. Horrez gain, askotariko hezkuntza plazetan aritua da Mireia eta laster kaleratuko dugun “Transexualitateak. H e z k u n t z a – p r a k t i k a feministarako ekarpenak” liburuxkan zer aurkituko dugun hobeto ulertzen lagunduko digu oraingoan.
Nondik abiatzen da argitalpen hau? Zergatik irakurri beharko genuke?
Euskal Herriko Bilgune Feministak betidanik eduki du sexualitatearen gaiarekiko ardura, lan ildo eta lan taldea sortzerainokoa. Gure ibilbidean zehar, noski, hausnarketa momentu desberdinetatik pasa gara eta adar horietako bat da transexualitatea. Ez da jendartetik isolatutako gai bat eta honi heltzearen beharra ere sentitzen genuen aspalditik. Horrez gain, Bilgune Feministak hasieratik izan du hezkidetza lan ildoa martxan eta hainbat eta hainbat hausnarketa eta ekarpen plazaratu izan ditugu marko horretan. Egindako ibilbide horretatik ere badu oraingo hausnarketa honek. Hau da, argitalpen hau ez da bat-batean eta ezer ezetik ateratzen eta Tolosako Topaketetan emandako hausnarketaren ondorengo mugarritzat har genezake, tartekoak tarteko, identitateen eztabaida amaiezinari jarraipena eman diezaiokeena. Beraz, esan dezakegu, hausnarketa kolektibo baten joste-lanen ondorio dugula hau. Baina zerbaiten ondorio izanik ere, zerbaiten abiapuntu ere izatea espero dut.
Zer aurkituko dugu bertan?
Argitalpena hirurogeitahamar orrialde inguruko liburuxka da eta lau zati desberdinetan dago banatuta. Lehenengoan, Bilgune Feministaren ibilbidearen berri edukiko dugu eta kokapen orokor bat egiten da, goian aipatzen den bezala, argitalpenaren zergatia hobeto ulertzeko. Bigarren zatian gai sakonak hurbiltzen saiatuko gara eta gertuagotik azalduta irakurri ahalko ditugu: Galderak, baieztapen potoloak, probokazioak… hausnarketara gonbidatuko gaituztenak eta aurretik esan bezala, ekin diogun bideari jarraibidea eman nahi diotenak. Hirugarren atala botikin txiki bat da eta pilulak aurkituko ditugu: “Genero araua betetzen ez duten eta betetzen duten haur eta gazteen akoinpainmendurako pilulak”. Ezin luzeagoa den izenburu honen behean, oso gauza potenteez aritzen gara eta izenburuak badu azalpen politiko bat: Transexualitateaz hitz egiten denean haur batzuengan jartzen da fokua. Baina oso garrantzitsua da identitateaz eta sexualitateaz pentsatzean edo mintzatzean, ume guztiengana zabaltzea, osotasunean ulertzea eta ez batzuen eta bakarrik beraiei eragiten dien zerbait bezala. Genero arauak denoi eragiten digu. Azken orrialdeetan, berriz, gehiago sakontzeko testu, liburu, film laburrak… aurkituko dituzue, lan hau osatu ahal izateko arakatu ditugun horiek edota arituek gomendatutakoak.
Genero araua betetzen duten eta ez dutenentzako pilula lagungarriak?
Bai, botikina helduontzako da. Genero araua apurtzean sakontzen ez badugu eta haur guztiak aintzat hartzen ez baditugu, ume trans*ez gain, oso lan bideratu eta eskasa egingo dugu. Genero arauaz ari garenean ulertu behar dugu horren barruan gu guztiok gaudela, alegia. Orduan ondokoari erreparatu behar diogu bai ala bai: Nola eraikitzen da identitatea txikitan? Zer transmititzen diegu? Oinarritik ekin behar diogu. Helduok galdegin behar diogu gure buruari, ideiak, ohiturak eta baloreak nola transmititzen ditugun. Batzuetan mezu prefabrikatuak botatzen ditugula uste dut.
Leloetatik harago joan beharra dugula esan nahi duzu?
Bai, hala da. Erraza da leloak buruz ikastea baina lelo bakoitzaren atzean zer dagoen, zer esan nahi dugun jakitea, barneratzea, eta bereziki gure eguneroko praktikan integratzea askoz ere konplexuagoa da. Gainera, ezin da sexualitatea, edo oro har, feminismoa bezalako gai konplexu eta sakonek duten pisu guztia lelo baten esku utzi soilik. Hau da, gehienetan, esaldi eta diskurtso soiletara mugatzen gara aukera berdintasuna, ekologismoa edo dena delakoaz hitz egiteko. Konplexuagoak dira kontuak! Horregatik, helduontzako dela azpimarratu nahiko genuke. Fanzine honetan (horrela deitu dio berak) honi ere eskaintzen zaio tarte bat. Haurrei zer eskaini nahi diogun eta lelo edo esaldi horien atzean dagoena gorpuzten lagun diezaguketen gakoak topatuko ditugu. Lagunduko digutenak zein jarrera eduki nahi dugun, zein mezu eman nahi diegun aztertzen, pentsatzen… Modu berean, identitatea lantzeaz hitz egiten dugu maiz, eta Haur Hezkuntzako curriculum-ak hala diosku; baina zer hostia da hori? Honetaz asko hitz egiten da baina asko dago oraindik hausnartu eta egiteko.