Lesbiana izatea ez da inoiz erraza izan. Nahiz eta legeak alde izan, mendeetan debekatuta edo eskutatuta izan dena ez da berez onartzen. Horregatik da egokia gaiaren inguruan hausnarketak sustatzea eta, hain zuzen, horixe da Mireia Gabilondok zuzendutako ‘Ez naiz inoiz Dublinen egon’, desberdinak direnen bizipen eta sinesmenen onarpenari buruzko komedia garratza.
Antzezlana joan den astean estreinatu zen Donostian eta bihar euskaraz eta etzi gaztelaniaz ikusi ahalko da Bilboko Arriagan, 19:30ean. Aurrerantzean bira egingo dute Euskal Herrian.Tentazioa taldearen weborrian beste saio bat aurreikusten da, otsailaren 10ean Galdakaon. Komedia honetan lehenengoz aritu da Gabilondo aldi berean aktore eta zuzendari lanetan.
‘Ez naiz inoiz Dublinen egon’ bakoitzak gure errealitate propioa eraikitzen dugula, baina noraino garen gai besteenak onartzeko planteatzen du.
Gau zoroa
Sinopsia zera da: Amesti familia Eguberri gaua ospatzeko bildu da, baina aurtengoa berezia da. Elena, hiru urtez ikusi ez duten alaba gaztea, Londresetik itzuli da azkenean. Baina ez dator bakarrik, Cindyrekin dator, bere neska-lagun irlandarrarekin.
Denak daude irlandarra ezagutzeko desiratzen, baina inork ez du espero Cindy pertsonaia ikusezina izatea, familia honen oreka hankaz gora jarriko duen Elenaren fantasia bat. Atetik sartzen den momentuan, pertsona bitxi hau onartu ala ez erabaki beharko dute.
Gau zoro honetan zehar bakoitzak bere fantasia eta miseriak erakutsiko ditu, hemen ez baita inor libratzen. Eta elkar onartzeko zailtasunak izan arren, denak gauza beraren bila dabiltzala ikusiko dugu; bizitzen lagunduko dien ilusio baten bila.