La Basu, Idoia, Matilda eta Niña Coyote eta Chico Tornadoren kontzertua, Victoria Eugenian

Emakume musikarien lana bultzatzeko asmoz abiatu zen 2019an Donostian Gure Ahotsak ekimena, M8aren harira. Lortu zuen arrakasta ikusita, hurrengo urteetan jarraitu egin zen. Aurten Idoia, Matilda, La Basu eta Niña Coyote eta Chico Tornadoren lanaz gozatu ahal izango da.

Kontzertua Victoria Eugenia antzokian egingo da martxoaren 7an, 19:00etatik aurrera. Sarrerak salgai daude dagoeneko, 12 eurotan, Victoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean.

La Basu

Bilbon jaio eta hezia, Elena Caballerok, La Basu bezala ezagunak, musikaren maitale fidel gisa definitzen du bere burua, batez ere rap, soul, dancehall, reggae, R&B, rock, punk edota flamenko musika-generoen maitalea da, wikipedian azaltzen denez.

Laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran ezagutu zuen hip-hop kultura eta 1999an bere lehen taldea sortu zuen, Jungla Urbana, emakumez osatutakoa. Hainbat maketa eta ep kaleratu ditu.

Aneguriarekin batera, Eskina Feminina proiektuaren arduradun da, hip hop kulturaren barruan emakumeei sustengua emateaz arduratzen den egitasmoa. Idazketa lantegiak eskaintzen dituzte eta emakumeak eszenatokietara igo daitezen eta musikaren barruan merezi duten lekua izan dezaten askotariko ekimenak bultzatzen dituzte.

Fermin Muguruza, Zein da Zein, Maria Rivero, Enkore, Dj Stepi… artistekin kolaboratu du besteak beste.

Idoia

Idok, Idoia Asurmendiren proiektuak, udaberrian kaleratuko du lehen diskoa: ‘Ilun eta abar’. Etxetik datorkio musika-zaletasuna. Txikitan hasi zen Aramaion, etxeko musika-instrumentuekin esperimentatzen. Aisialdia ere horretan eman du urte luzez, abesbatzetan  parte hartuz, piano-ikasketak eginez… Gaur egun Musikenen ikasten ari da, Pedagogia espezialitatean.

Duela urte batzuk hasi zen inguruko herrietan kontzertuak ematen bakarlari bezala. Hasieran, pop-rock eta soul estiloko abestien bertsioak egiten zituen, baina orain bere kantu propioak ere abesten ditu.

Niña Coyote eta Chico Tornado

Koldo Soret (aurrez  Surfin Kaos, Utikan, Mugatik edo Chico boom taldeetan aritua) eta Ursula Strong (aurrez  Zuloak, Culebras) 2012an elkartu ziren eta hasieran behin-behineko bikotea zenak dagoeneko lau diska plazaratu ditu.

Úrsula Strongek bateria jotzen du eta Koldo Soretek gitarra eta abeslaria ere bada. Strongek honela definitzen du taldea: “Bi kideko rock elkor eta astuneko talde bat gara”.

2019an atera zuten azken diskoa, ‘Aitzstar’.  Euren eragin musikalak Ronnetes, Motörhead, Cramps, Rage Aganist the Machine, Black Sabbath eta Sex Pistols dira, besteak beste. Estatuan eta munduko beste leku batzuetan eman dituzten kontzertuek arrakasta handia izan dute.

Matilda

Matilda Maria Amolategi (musikagilea eta abeslaria) eta Víctor Sánchez (bateria eta ekoizlea) musikagileek osatutako talde gipuzkoarra da. Abestietan, bere musikan Pop, R & B eta Rockak eragina izan dutela ikusten da.

2019ko martxoan aurkeztu zuten ‘¿Te imaginas?’ lehen lana, Victorrek berak Elkar Estudioan (Donostia) grabatu eta ekoitzi zuena. Bertan, Matildak bere asmoen berri eman zuen argi eta garbi. Dotorezia, zintzotasuna eta indarra agertzen dira nota bakoitzean, eta ahotsek letren mezua indartzeko duten lan egiteko modua ez da oharkabean pasatzen. Taldeak kritika onak eta onarpen handia lortu ditu bere kontzertuetan.