Zaida Fernandez Ermuko feministak Eibarko emakumeen papera hiriguneko industrilizazioan aztertu du, Savina Lafitak eta Luz Maceirak-ekin batera. ‘Emakumerik gabe, Eibar ez zen gaur egungoa izango’ liburuan jaso dituzte beren ikerketaren emaitzak. Liburua salgai dago 10 eurotan.
Udalak gai horren inguruan ere erakusketa bat antolatu zuen Martxoaren 8rako. Pandemiako itxialdia zela eta bertan behera utzi behar izan zuen, baina bideo batean ikus daiteke.
Eibarko industrializazioa prozesu anbibalentea izan zen emakumeentzat, Fernandezek esan zuenez ‘Gipuzkoako Hitza’-ri emandako elkarrizketa batean: “Batetik, mesedegarria izan zen emakumeentzat, lan eta askatasun aukera gehiago ekarri zituelako, baina, bestetik, bidegabea ere izan zen: soldatetan berdintasunik ez zen egon lan berdina egin arren, lana generoaren arabera bereizten zen, diskriminazioa, esplotazioa, sexu jazarpena…” ere izan ziren.
Erreproduzioaren industria
Ikertzaileek industria kontzeptua zehaztu dute: “Guretzat, lantegietako produkzioaz harago doa industrializazioa. Arlo erreproduktiboan egiten zen lana ere izan zen industria: zaintza, etxeko lana, apopilotza… Industriaren oinarria, motorra eta erdigunea izan da lan hori”.
Lantegietan piezak muntatu, josteko makinak probatu eta piezak egiaztatu egiten zituzten Eibarko emakumeek. Kontabilitatea eraman eta administrazio lanak eta garbiketak ere bai, dena baldintza prekarioetan: “Lan karga handia zuten, gizarte segurantza barik aritzen ziren eta gutxiago kobratzen zuten”.
Orain gertatzen den bezala, lantegietatik kanpo lan handia egiten zuten. “Bizitza sostengatzen duten zereginak egiten zituzten: umeak eta jende nagusia zaindu, etxeko lanak egin, apopilotza, etxean bertan ezkutuko ekonomian aritu (piezak egiaztatzen, josten, brodatzen…)”.
Beste herri batzuekin alderatuta, Eibarko egoerak badu bere berezitasuna, ikerketaren egileen ustez: “Batetik, Eibarren giro liberala zegoen eta askatasuna eta oparotasuna arnasten ziren. Bestetik, ekintzailetza handia zegoen, eta enpresa asko sortu ziren. Eta damaskinatua ere aipagarria da. ‘Eibarko objektuak’ deitzen ziren, eta emakume asko aritu ziren damaskinatuen langintzan”.
Liburuaren egileek adituekin hitz egin zuten, liburutegia eta artxiboak kontsultatu eta hainbat elkarrizketa egin zituzten, memoria kolektiboko saioak, beren ikerketarako.