Durangoko indarkeria matxistaren aurkako Andereak elkarteak, Andragunearekin elkarlanean, Zine Forum Feminista bat antolatu du ‘Adolescencia’ telesailaren inguruan. Ekoizpen horrek indarkeria digitalak eta “matxosfera” deitutakoak nerabeen gainean eragiten duen presioa modu gordin eta errealistan islatzen du.
Ekitaldia martxoaren 14an izango da, larunbata, Zugaza zineman, eta bi saio izango ditu, goizez eta arratsaldez, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Estibaliz Linares genero-alborapenetan eta ziberindarkeria matxistetan aditua da eta proiekzioaren ondorengo eztabaida moderatuko du.
Andereak elkarteak bazkari partekatu batean izena emateko aukera eskaintzen die bertaratzen direnei. Palentziako Zentroan izango da. Izena emateko, nahikoa da 22 euroko bizuma egitea 634457833 telefono zenbakira.
Gazteei gero eta gehiago eragiten dien errealitate bat ikusarazteko eta errealitate horri buruz kolektiboki hausnartzeko beharretik sortu da ekimena: jazarpen digitala, kosifikazioa, gorroto-diskurtsoak eta nerabeentzako foro, sare sozial eta edukietan dabiltzan jarrera matxisten normalizazioa.
Doako sarrera
«Elkarrizketarako gune bat sortu nahi dugu, non gurasoek, irakasleek eta gazteek indarkeria horiek ezagutu, haien irismena definitu eta kolektiboki nola aurre egin pentsatu ahal izango duten», azaldu dute Andereak elkartetik.
Sarrera doakoa da, baina gonbidapenak leihatilan jaso beharko dira egun bereko 10:30etatik aurrera. Edukiera mugatua da.
‘Adolescencia’ britainiar drama bat da, gelakide bat hiltzeaz akusatutako 13 urteko haur baten kasutik abiatuta, egungo gai sozial eta psikologiko batzuk aztertzen dituena: sare sozialen eta kultura digitalaren eragina gazteen identitatean eta jokabidean, online erradikalizazioa, misoginia eta maskulinitate toxikoa. Bakardadea, gizarte-presioa eta osasun mentaleko zailtasunak ere lantzen ditu, baita dinamika horiek familian duten eragina eta familian duten komunikazio falta ere.


