Eguna: maiatzak 30. 18:30
Lekua: Kulturate. Azoka, 1. Arrasate
Yoseba Peñaren Hariak nobelari buruzko solasaldia.
Hariak nobelak Euskal Herriaren berrogeita hamar urteko intrahistorian sakontzen du hiru belaunalditako emakumeen esku.
'Hariak'
Aita aberatsaren nahiaren kontra, Zarautzera ezkonduko da Irene, eta hantxe biziko du 36ko gerraren aurreko giro nahasia. Jeltzaleak eta karlistak mokoka, atxiloketak, grebak, ika-mikak udatiarrekin, bonbaren bat, gosea, politikarien hilketak gero eta gertuago. Gerra herrira iristen denean, atzeguardia ere ez dela erraza ikasiko du.
50eko hamarkada bukaeran, oihartzun urrun bat da gerra Xexilirentzat. Diktadurak sorgortuta, irabazleen familian hezia, jostun lanetan laguntzen dio amonari. Han eta hemen entzundakoekin joango da osatzen gerrak kendu zionaren haria, eta senarrarekin eta ahizparekin ezagutuko du beste mundu baten aukera.
Txiki fusilatzekotan direla panfletoak banatzea izango da Olatzen aurreneko ekintza politikoa. Handik gutxira hilko dute herrian Txerrimutur guardia zibilen burua. Tortura, ihesaldia, tiroketa, hilketa, kartzela ohiko hitz bihurtuko zaizkio ordutik aurrera.
Euskal Herriaren berrogeita hamar urteko historiari erreparatu dio Yoseba Peñak nobela honetan. Hiru belaunalditako emakumeen bidez, memoriaren transmisioan, justizian, kulpan arakatu du idazleak.
Utzi erantzuna
Iruzkinak bidaltzeko saioa hasi behar duzu.