Mende erdi denbora gutxi da erreboluzio baterako. 68ko maiatzetik urtebetera Kate Milletek ‘Politika Sexuala’ argitaratu zuen. Ordutik feminismoak sexu askapena ekarri digula pentsatzen dugu baina, tamalez, ez da horrela.
Juncal Altzugaray fisioterapeuta, osteopata eta zoru pelbikoan eta sexualitatean adituak dioenez, antzinatik emakumeok plazera besteen (gizonen, batez ere) zerbitzura ipini dugu eta aurrera egin dugula dirudien arren, oraindik ere, emakume gehienen arazoa da, gazteena barne. “Ez da denon kasua noski, baina teorian oso argi daukaguna asko kostatzen zaigu praktikara eramatea”, azaldu du.
Bereziki, garai zail honetan, giroan haserre eta beldur handia daudenean, “emakumeok gure baginak ixten jarraitzen dugu, kontrakturatuta dauzkagu eta ez dugu gure sexualitatea disfrutatzen”. Aditu honek gogorarazi nahi du emakumeon iraultzak “amorrua behar duela baina ahaztu gabe iraultza plazerean ere badagoela”.
Orgasmo azkarra
Bestalde, sexualitatea eta plazera oso bideratuta daude orgasmoa lortzera. “Kontsumo azkarraren gozamenaren bila ere badabiltza emakumeak (‘Satisfyer’en eredua) eta bidean gorputzarekin konektatzeko gaitasuna galtzen da. Jolasa, orgasmora heldu aurretik gertatzen den prozesu guztia, ikerketa, alde batera uzten dira”.
Horren sorburua patriarkatuaren eraginean dago. Euren gorputza disfrutatu duten emakumeak putak edo sorginak bezala estigmatizatu dituzte. Hezkuntzaren pisua ere handia da. “40 urtetan zehar anatomia liburuetan ez da klitoria azaldu, ezabatuta geratu zen gozamena ezkutatzeko”, nabarmendu du.
Eta plazerarekin gertatzen dena gorputz osoarekin ere egiten da. Altzugarayk zoru pelbikoaren eta sexualitatearen inguruko ikastaroak ematen ditu. Liburu bat ere idatzi du, ‘Mi suelo pélvico’ izenburukoa. Bere ikastaroetan eta Gordexolako kontsultan emakumeok sexualitateaz gain, osasun arazoak ere besteen eskuetan ipintzen ditugula ikusten du.
“Ginekologoez gehiago fidatzen gara geure iritziaz baino”. Bere ustez, horren froga da txarto sentitzea, medikuarengana joatea eta ondo gaudela esaten badigu ondoeza geuk asmatua dela pentsatzea. Oso ohikoa da hori. Eta, txarragoa dena, batzuetan diagnostiko erratua egiten da eta antidepresiboak errezetatzen dira arazo fisikoetarako. Bere moduko profesionaletara jotzea azken aukera izatea deitoratu du, arinago joanez gero arazo asko saihestuko lirateke eta.
“Gorputzari dagokionez, gehien interesatzen zaiguna irudi polita erakustea da”
Ematen dituen ikastaroetan, zoru pelbikoa eta kanpoko sexu organoen fisiologia, anatomia eta erabilera erakusteaz gain, taldearen esperientzia aprobetxatzen da gaixotasunez, arazoez eta esperientziez informazioa partekatzeko.
Beste helburu bat gorputz eta burua konektatzea da, buruan zentratuta bizi garelako. “Emakumeok hainbeste borrokatu dugu burua eta jakintza lantzeko ezen gorputzaren ezagutza bigarren plano batean utzi dugun eta, gorputzari dagokionez, gehien interesatzen zaiguna irudi polita erakustea da”.
‘Mi suelo pélvico’ liburua
‘Mi suelo pélvico’ liburua oso deskriptibo eta praktikoa da eta ulertzeko erraza. “Autoezagupena, norbera bere prozesuez osasunaz jabetzea dira helburuak”, azaldu du.
Nahita autoeditatu zuen “ez nuelako nahi inoren filtrorik”. Oso ondo funtzionatu du. Bosgarren edizioa argitaratu da eta mila aletik gora saldu ditu, ez bakarrik estatuko liburudendetan baizik eta atzerrian ere bai. “Los Angeleseko liburudenda batean ere saltzen da, Inglaterran, Italian, Indiara ere bota dut aleren bat…” Estatu Batuetan egin zen sexualitate kongresu batean ere ikasleei ikastaro bat eman zien.
Momentu honetan gazte aktibo hau beste proiektu interesgarri batean dabil buru-belarri sartuta, aurrekoak alde batera utzi gabe. Hezkuntzako “oso berezia, esistitzen ez den” material berria prestatzen ari da. Edozeinek erabiltzeko aproposa, eskoletan lan egiteko, fisio eta ginekologoen kontsultetarako. Baita autoezagupenerako ere. Hauexek dira, hain zuzen ere, bere erronka eta borrokak.