UPV/EHUko Informatika Fakultateak eta PuntuEUS Fundazioak bultzatutako Gladys del Estal sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta lan hori jendarteratu nahi du. Gainera, Gladys del Estal informatikaria gogoratu nahi du.
Saria 40 urtetik beherako emakumeei zuzenduta dago eta bi modu daude lortu ahal izateko: edonork aurkez dezake bere hautagaitza edo edozeinek proposatu dezake izen bat. Izena emateko epea ekainaren 20ra arte egongo da zabalik.
Sari honen helbura, emakumeak esparru teknologikoan aritzea bultzatzeaz gain, ingurune digitalean dabiltzanen funtsezko zeregina aitortzea eta gizarte digitalaren eraikuntzan berdintasun-irizpideak txertatzea da.
Irabazleak jasoko duen saria 3.000 eurokoa izango da, eta hainbat konpromiso ekarriko ditu bere aldetik: bere jarduna azaltzen duen bideo laburra grabatzea eta antolatzaileekin adostutako eskoletan eta gazteei hitzaldi motibatzaileak ematea.
Ane Iturzaeta, lehen saritua
Aurreko urteko saria, lehenengo ediziokoa, Ane Iturzaetak (Donostia, 1995) irabazi zuen. Informatikako Ingeniaritza eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitza ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. Gaur egun Microsoft-en egiten du lan. Data&AI taldeko Customer Engineer da.
Emakumeak zientzian sustatzeko proiektuetan parte hartu du: #MakeWhatsNext iniziatiba, Zientziari- So Proiektuko enbaxadorea (EHU/UPV) 2016-2017 ikasturtean, WONNOW Sariaren irabazleen mentorea (STEAM), Hacktoietan parte hartu du, baita klaseak eman ere irakasle gonbidatu bezala hainbat unibertsitatetako ikasketetan.
Etorkizunean Adimen Artifizialaren munduan gehiago sakontzen eta enpresei eta administrazio publikoei transformazio digitalean laguntzen ikusten du bere burua.
Gladys del Estal donostiar ekintzaile ekologista izan zen, informatikaria ikasketaz eta lanbidez. Guardia zibil batek tiroz erail zuen, Tuteran egiten ari zen protesta antinuklear batean. Mugimendu antinuklearraren ikurra da Euskal Herrian.