Emakume Abertzale Batzak, emakumeen lehen euskal erakunde handiak, bere mendeurrena bete du aurten. Feminismotik urrun zegoen arren, emakumeen aurrerapen kultural, profesional eta politikoan lagundu zuen.
Mercedes Ugalde Solano historialariak eta irakasleak ‘Dinámica de género y nacionalismo’ (‘Genero-dinamika eta nazionalismoa’) izenburuko artikuluan elkartearen jatorria eta bilakaera deskribatu ditu.
XX. mendearen hasieran, eremu profesionalean sartu ziren emakume hainbar emakume burges. Horien artean lehen hezkuntzako irakasleak, hala nola Purificación Gorostiza edo Julene Azpeitia, mugimendu nazionalistan emakumeek parte hartzeko bide bat irekitzeko antolatu ziren.
Prentsaren bidez emakumeei zuzendutako propaganda nazionalistaz arduratu zitezen 1906an egindako gonbidapena aprobetxatu zuten. «Deialdia euskal esentzien defendatzaile sutsua zen euskal nazionalismoaren sektore erradikaletik abiatu zen, non arrazak eta amatasunak funtsezko lekua zuten». Emakumeak erakartzeko interes handiena zuen sektorea zen, bere atxikimendua ezinbestekoa baitzen horrelako nazionalismoak bizirik irauteko, Ugaldek dioenez.
Euskal Arropategia
Baina feminismoaren mamuaren beldur, sektore moderatuak oposizio gogorra egin zien. Horregatik, euren prentsa-agerraldiak mugatuak eta aldizkakoak izan ziren, baina eragin-eremu hori baliatu zuten elkartzeko eta mugimendu nazionalistan parte hartzeko bide kolektibo eta antolatu bat sortzeko. Ez zen helburu erraza, eta pixkanaka hastea erabaki zuten. Ongintzako ekintzekin hasi ziren eta 1907an karitatezko erakunde bat sortu zuten, Euskal Arropategia.
C ‘umann na mBan (Emakumeen Liga) sorkuntzak irlandar nazionalismo erradikalari emandako errentagarritasun politiko handiak euskal emakume abertzaleen antolakuntza bultzatu zuen
Hogeiko hamarkadarako, bazeuden izaera feministako erakunde autonomoak. Egoera hori eta nazionalismo periferikoen erradikalizazioa aprobetxatu zituzten 1919tik aurrera emakumeen erakunde nazionalista abian jartzeko.
1922an, mugimendua bi sektore bateraezinetan banaturik, Bilbon sortu zen, muturreko sektore nazionalistaren baitan, Emakume Abertzale Batza. Emakumeek mugimendu nazionalista erradikalean parte hartzeko bide bat zen.
C ‘umann na mBan (Emakumeen Liga) sorkuntzak irlandar nazionalismo erradikalari emandako errentagarritasun politiko handiak euskal emakume abertzaleen antolakuntza bultzatu zuen.
Erakunde berria hezkuntza- eta propaganda- jarduerez arduratzen zen, ongintzazko jarduerez gain. Ekitaldi politiko batzuetan ere parte hartzen zuten. Etxeko andre onak izaten irakasten zieten emakumeei, baina ordaindutako lana egiteko prestatzea errazten zieten beste irakaskuntza batzuk ere ematen zizkieten (mekanografia, takigrafia…).
Gutxi iraun zuen elkarteak. 1923an desagertu zen, Primo de Riveraren diktadura ezarri zenean, eta garai horretan ehunka afiliatu baino ez zituen bildu Bilbon eta inguruetan.
Tene Mujika eta Azarri Bazkuna
Ekimen asko bidean geratu ziren bultzada faltagatik. Horien artean, emakume ikasienek (maistrek) zuzendutako Ateneo femenino bat sortzea, nazionalisten garapen kultural eta doktrinalera bideratua.
Pentsamendu bat garatzen saiatzen ziren, familia-funtzioen egikaritza banakako bizitza independente batekin bateratzeko
1923an, muturreko sektore nazionalistan Emakume Abertzale Batza sortu eta gutxira, Tene Mujika idazleak Emakume Azarri Bazkuna sortu zuen sektore moderatuan. Emakumeek mugimendu nazionalistan parte hartzea, euskal gizartearen birsorkuntza moralaren bidez zen helburua. Ez zuen babes nahikorik izan eta antolakuntzak porrot egin zuen Deban eta Ondarroan talde txiki batzuk sortu ondoren.
Hogeiko hamarkadan gertatzen ari ziren gizarte-aldaketek politikarako eta hezkuntzarako nolabaiteko sarbidea eman zieten emakumeei. Horrek eragina izan zuen emakume abertzaleen diskurtsoan. Pentsamendu bat garatzen saiatzen ziren familia-funtzioen egikaritza banakako bizitza independente batekin bateratzeko (Julia Fernández Zabaleta, «Alicia», Antonia May…).
Hala ere, ideia horiek ez ziren mamitu. Familia-bizitzari eskainitako emakume-ama ereduak, bere ideologiaren ardatzak, nagusitzen jarraitu zuen nahiz eta beste jarduera batzuk ere egin.
Sufragioak Euskal Herrian izaera feministako lehen antolaketa-gune autonomoak sortzea ekarri zuen
II. Errepublikarekin, nazionalismoa hirugarren indar politiko garrantzitsuena izatera heldu zen. Bere zuzendaritza EAJk hartu zuen. Erradikalak eta moderatuak 1930etik berriro elkartuta zeuden. Hala ere, ezkerreko sektore minoritario bat bereizi zitzaion, Eusko Abertzale Ekintza (ANV).
Errepublikaren legeriak emakumeen politizazioa ahalbidetu zuen eta, bereziki, sufragioak Euskal Herrian izaera feministako lehen antolaketa-gune autonomoak sortzea ekarri zuen, baita emakumeak indar politikoetan sartzea ere, bereziki nazionalismoan. EAJk eta EAE-ANVk beren emakume-taldeak sortu zituzten.
20.000 emakume baino gehiago
EAJk Emakume Abertzale Batza berreratu zuen. Emakumeak masiboki afiliatu ziren eta EAJren ezarpenarekin batera hedatu zen elkartea. 20.000 emakume baino gehiago elkartzea lortu zuten, ziurrenik 25.000 baino gehiago, batez ere Bizkaiko udalerri nagusietan. Bilbon 11 talde zeuden.
Euskarazko haur-eskolak sortu zituzten, manifestazioak antolatu zituzten, ekitaldi politikoetan parte hartu zuten eta ahozko eta idatzizko propaganda nazionalista aktiboa egin zuten. “Bestalde, beren funtzio familiarra mundu nazionalista osoan proiektatu zutenean, lotura afektiboak sortu zituzten. Mugimendu soil batetik harago joan ziren eta hertsiki kohesionatutako komunitate baten izaera zuen errealitate bat sortu zuten”, Mercedes Ugaldek zehaztu duenez.
Doktrinamendu nazionalistako eta familia-zereginetarako prestatzeko ikastaroez gain, ikasketa profesionalak eskaintzen zituzten, eta, Bilboko talde garrantzitsuenaren kasuan (2.000 afiliatu baino gehiago), takigrafia, mekanografia eta erizain titulu ofiziala lortzeko ikastaroak antolatu zituzten.
EAJren aldeko jarduera publikoan emakumea asko sartu zirenez, 1933ko urtarriletik aurrera alderdiak eskubide osoko afiliatu gisa sartzeko aukera eman zien. “Neurriak jarrera pragmatikoari erantzuten zion arren, berebiziko garrantzia izan zuen, politika nazionalistaren ateak emakumeei ofizialki irekitzea suposatzu baitzuen”, zehaztu du historialariak.
Polixene Trabudua, Hydeen Agirre edo Sorne Unzueta bezalako emakumeak euskal nazionalismoaren propagandista handiak izan ziren
Hala eta guztiz ere, gutxi afiliatu ziren, alde batetik, beren helburuetarako berezko antolaketa nahiago zutelako, eta, bestetik, nazionalista gehienek beren integrazioarekiko zituzten mesfidantzaren berri zutelako.
Dena den, hauteskunde kanpainetan aktiboki parte hartu zuten eta Polixene Trabudua, Hydeen Agirre edo Sorne Unzueta bezalako emakumeak euskal nazionalismoaren propagandista handiak izan ziren.
36ko Gerra eta frankismoa
EAJren zuzendaritzapean zeuden emakume nazionalista gehienek gainerako emakumeengandik isolatutako mobilizazioa egin zuten. Ez zetozen bat erregimen errepublikarra ezartzen ari zen laikotasunaren ideiarekin, eta, ondorioz, ezta beste emakume batzuek emantzipazioaren aldekotzat jotzen zituzten neurri batzuenik ere, hala nola dibortzio-legearekin edo irakaskuntza akonfesionalarekin.
36ko Gerra hasi ondoren, borrokalarien eta errefuxiatuen osasun- eta gizarte-laguntzan zentratu ziren. 1937an, matxinatuak Bilbon sartu zirenean, asko erbestera joan ziren. Beste kasu askotan, errepresaliatuak izan ziren eta espetxe-zigorrak jasan zituzten. Elkartea erbestean aktibo egon zen, baina frankismoa amaitu ondoren ez zen berpiztu.