Erditzearen ziurtasuna berdina da ospitalean zein etxean egoera normalean, hau da, arrisku faktorerik ez dagoenean. Hala dio ebidentzia zientifikoak, Erditzea geurea da (El parto es nuestro) elkarteko kidea Ines Vivancok esan zuenez Durangon emandako hitzaldi batean. Hitzaldia Andereak-ek biolentziaren kontrako elkarteak antolatu zuen ‘Biolentzia obstetrikoa’ izenburupean.
Vivancok haurdunaldi eta erditze prozesuan bortizkeria etengabe izaten dela nabarmendu zuen eta hainbat adibide jarri zituen. Hasi baino lehen, biolentzia obstetrikoa ez dela beti agerikoa esan zuen, ez jasaten dutenentzat, ezta praktikatzen dutenentzat ere. Are gehiago, bai emaginek, bai medikuek ohiko praktiken bidez on egiten dutela pentsatzen dute.
Bortizkeria mota horren definizioa eman zuen: Prozesu naturalaren patologizazioa, gizatasun kentzea eta tratu iherarkikoa. Ondoren kontzeptua azaldu zuen. Batetik, erditzea ez da gaixotasuna. Hala ere, gehiegizko medikalizazioa erabiltzen da. “Prozesuak bere bidea jarrai dezala utzi behar da”, esan zuen Vivancok. Horregatik, bere ustez, emaginak dira horretarako langile kualifikatuak eta ez medikuak. Bestetik, osasun zentro eta ospitaleetan bertako osasun- langileek “goi-maila hartzen dute eta emakumea azpiko mailan kokatzen dute”, adierazi zuen.
Biolentzia obstetrikoaren kontzeptua 2019an agertu zen lehenegoz OMEko dokumentu batean. Bertan estrukturala dela eta herrialde desberdinetan, maila sozial, arrazial eta ekonomiko guztietan izaten dela azaltzen da.
Emakumeei egiten dizkieten bidegabekerien artean gehiegizko zesareak eta epaileek agindutako zesareak egitea; erditzearen inguruko errelato traumatikoaren aurrean “garrantzitsuena zu eta umea ondo egotea da” erantzutea; intimitate eta dignitatea urratzea; informazio eskasa eta ez egokitua eskaintzea; aukera desberdinen artean erabakitzeko eskubidea ez bermatzea, ezta tratamenduari uko egiteko abagunea ematea ere… aipatu zituen.
Harmonia eta ongizaterako hain garrantzitsua den oxitozina hormona sortu beharrean estresaren hormona, adrenalina, produzitzen du emakumeak
Estressa erditzean
Beste adibide batzuk ipini zituen: laguntzaile aukera daiteke zesareetan baina orokorrean ezinezkoa izaten da. Beraz, erdi urren dagoen emakumea bakarrik egoten da momentu delikatu horretan. Horregatik eta erditzea oso medikalizatua dagoelako harmonia eta ongizaterako hain garrantzitsua den oxitozina hormona sortu beharrean estresaren hormona, adrenalina, produzitzen du emakumeak. Beste kasu batzuetan gehiegizko episiotomiak (baginaren mozketak teorikoki perinearen urraketa saihesteko) egiten dira eta erditzea bizkortzeko indukzioak ere bai.
Justu OMEk gomendutakoaren kontrakoa egiten da. Erakunde horrek erditzean esku hartzea beharrezkoa denean soilik, erabakitako jarrera (zutik, kokoriko…) ahalbidetzea, zesareen %10-15 murriztea (Erkidego autonomoan portzentaia horren barruan gaudela argitu zuen Vivancok) eta etengabeko monitorizazioa saihestea aholkatzen du.
Egoera ez da berdina leku guztietan eta teorian ospitalea aukeratzeko aukera dagoenez, Erditze geure da elkarteak informazioa jasotzea gomendatzen du. Horrekin batera Erditze Plan bat ere proposatzen du. Emakumeak zer nahi duen eska dezake dokumentu batean. Baliteke dena lortzea ezinezkoa izatea baina behintzat lehentasunak adiera ditzake.
Muturreko egoerak
Izendatuko arazoak egunerokoak izaten dira. Agerpenean, hala ere, berri batzuk errepasatu zituen muturreko egoerak salatzeko. Esate baterako, Asturiasen epaile batek etxean erditu nahi zuen emakume bat ospitalera eramatea agindu zuen. Poliziak hartu zuen eta jendeak erietxearen aurrean protesta egin zuen. Horren harira, erabakitzeko askatasuna aldarrikatu zuen. “Hartzen dugun edozein erabakik arriskuak dakartza baina erabaki egokienak hartzen saiatzen gara”. Ebidentzia zientifikoaren arabera, haurdunaldi normal batean arriskua bera dagoela etxean zein ospitalean azpimarratu zuen.
Aita batek gol ospetsu baten urteurrena ospatzeko alaba egun eta ordu jakin batean jaiotzea eskatu zion medikuari
Guatemalako ‘Prensa Libre’k antolatuta, 25 pertsona grabatu zituzten urteko lehen jaiotza erditze aretoan eta espektakulu publikoa izan zen; batzuetan emakumeak hitzezko tratu txarrak jasaten dituzte –“honek min egiten badizu prestatu zaitez atzetik datorrenerako” edo erditu ondoren: “Txarto portatu da, ez eman umea” ere entzun da.
Beste anekdota bat kontatu zuen: aita batek gol ospetsu baten urteurrena ospatzeko alaba egun eta ordu jakin batean jaiotzea eskatu zion medikuari eta indukzioaren bidez horrela egin zen ama kontuan hartu gabe.
Jaiotze datarekin erlazionatutako beste datu bat ere eman zuen. Multzo handiena astegunetan izaten dira eta asteburuetan gutxi batzuk baino ez dira jaiotzen.
Horretaz gain, egokiak ez diren praktika batzuk –Kristellerren maniobra, hau da, presio egitea hondo uterinoan umetxoak atzera ez egiteko- egiten dira, nahiz eta OMEk baztertzea aholkatzen duen. Horregatik ez da txosten medikuetan agertzen. Gainera, kasuen %96an amaren baimenik gabe egiten da.
Beharrik gabeko forceps-ak
Beste nagusikeria bat da Ospitale unibertsitarioetan beharrik gabe forceps-a erabiltzea ikasleek praktika dezaten.
Entzule batzuek galdetu zuen zer egin litekeen gomedatzen diotenarekin konforme ez dagoenean edo zalantzak dituenean. Vivancok ebidentzia zientifikora jotzea gomendatu zion. “Objektibitatea ez da existitzen baina hori da hurbilen dagoena”.
Beste alde batetik, argi utzi nahi izan zuen zalatu zituen praktikak ez direla borondade txarraren ondorioa baizik eta automatismo eta errutinen emaitza. Publikoan zegoen osasun-langile batek ospitaleen masifikazioa ere aipatu zuen.
Baldintza batzuk hobetzea erreza dela esan zuen Vivancok baina praktikara eramateko komenigarria litzatekeela osasun zerbitzuen erabiltzaileek eskatzea eta dauden elkarteetatik indarra egitea.