Sare Lesbianistak Bilboko Moma diskotekan gertatutako eraso lesbofoboa salatu du. Ez dela kasu isolatua nabarmendu du eta Estatu mailako eta Euskal Herriko indarkeria LGTBfoboaren testuinguru orokorrean kokatzen duela erasoa dio elkarteak. Gainera, deitoratu duenez, lokalaren arduradunek erasotzileen alde egin zuten.
Komunikatu batean diotenez, martxoaren 5ean, lagun batzuei eraso egin zieten Indautxu auzoko Moma diskotekaren barruan. “Lokaleko arduradunek erasotzaileen aldeko jarrera hartzea eta erasoak jasan zituzten pertsonak kanporatzea erabaki zuten, erasotzaileei inolako ondoriorik eragin gabe”.
Dominazio sistema bortitza
Lesbianen erakundeak honelako erasoak ohikoak direla nabarmedu du, “sexu- edo genero-disidentzia” zigortzeko indarkeria estrukturalaren ondorioa. “Espazio publikoa hartzen dugunean kaleetan erasoak eragiten dizkigun dominazio sistema bat” jartzen da martxan. Baina ohartarazi dute “LGTBfobiari aurre egiteko” prest daudela eta ez dutela “horrelako jokabiderik onartuko”.
Haien ustez, “indarkeria ez dator pedagogiaz baliatuta alda ditzakegun pentsamolde atzeratu eta erreakzionarioetatik soilik”, ezta eskuin muturrari edo alderdi politiko jakin batzuei errua botatzetik ere, “jokabide horiek gure inguruan ere badirela” aitortzetik baizik.
Horregatik, ekidistantzia alde batera utzita, “zisheteropatriarkatuak, arrazakeriak eta kapitalismoak eragindako indarkeria sistematikoaren” kontrako posizionamendua eskatu dute. “Isilik gelditzea, etxean gelditzea, ez da aukera bat”, azpimarratu dute.