Emakumeek idatzitako liburuen azoka Azkoitian

Gaur egungo euskal literaturari izena eta izana ematen dioten idazleak izango dira asteburuan Azkoitiako Geure Gelatik emakumeek idatzitako liburuen azokan.

Maxixatzen euskara elkarteak antolatu du ekimena Udalaren laguntzarekin. Asteburu bete-betea izango dela nabarmendu zuten egin zuten aurkezpenean, “literatura, euskara eta emakumea izango dira protagonista nagusiak”, gaineratu zuten.

Maxixatzen Euskara Elkarteko Julen Garatek, Euskal Editoreen Elkarteko lehendakari eta Pamiela argitaletxeko ordezkaria den Carmen Elvirak eta Susa argitaletxeko Leire Lopezek hartu zuten parte aurkezpenean, Udaleko Berdintasun zinegotzi Mertxe Zubillagarekin batera. Azokan parte hartuko duten beste argitaletxe batzuk Elkar, Susa, Alberdania, Txalaparta, Igela eta Erein dira.

“Emakumea eta literatura betidanik egon dira lotuta, eta emakumea joan da merkatuan bere tokia egiten, baina emakumeok lehen lerroan jartzeko beti dauzkagu gainditu beharreko oztopo gehiago, eta horri buelta emateko, behar beharrezkoak ditugu horrelako ekimenak”, azaldu zuen Zubillagak.

“Hazten joan da emakumearen presentzia argitaletxeetan, eta horrelako espazioak izatea eta babestea garrantzitsua da”

Euskal Editoreen Elkarteko lehendakariak, bere aldetik, “azoka bat baino jai bat izatea” nahiko lukeela adierazi zuen, “literaturaren eta emakumeen jai bat”. Emakumeen begiradari erreparatu zion. “Zenbat emakume dago, idazleak, ilustratzaileak, irudigileak… hazten joan da emakumearen presentzia argitaletxeetan, eta horrelako espazioak izatea eta babestea garrantzitsua da”.

Maxixatzenek 2005etik 2008ra bitartean antolatu zuen Geure Gelatik liburu azoka, “baina orduan liburu bat aurkezten zen. Oraingo egitaraua indartsua da eta izen handiko autoreak datoz”, azaldu zuen Garatek. Azokarekin euskarari bultzada bat eman nahi zaiola ere azpimarratu zuen.

Liburu azoka eta liburu aurkezpenak, eta gainerako ekitaldiak Elkarguneko Herriko plaza aretoan izango dira.

Arantxa Urretabizkaiari aitortza

Azokari hasiera gaur arratsaldean emango zaio. Bertan, Arantxa Urretabizkaiari aitortza egingo zaio bere ibilbidearengatik. Egun berean, Amaia Zinkunegiren ‘Otsandreak korrika’ kontaketaz gozatzeko aukera izango da.

Bihar, goiz eta arratsalde, liburu aurkezpenak egingo dira. Garbiñe Larrea ‘Sendabelarrek dakitena’ liburuaren inguruan arituko da solasean; Irati Jimenezek ‘Begiak zabalduko zaizkizue’, debatea piztu nahi duen saiakera liburuaren gainean egindako emanaldia aurkeztuko du. Eider Rodriguezek ‘Eraikuntzarako materiala’, bere azken eleberria ekarriko du Azkoitira, “ia 40 urtez elkarrekin bizi arren, misterioa den aitarekin egoteko bidaia” jasotzen duen liburua. Larunbatean aurkeztuko den azken liburua Goiatz Labandibarren ‘Amez’ izango da. Labetik atera berria hori ere, amez diharduten hogeita bat narraziok osatzen duten lana.

Igandean, Edna O`Brienen ‘Landa aldeko neskak’ aurkeztuko du Gema Lopezek. Berak itzuli du euskarara XX. mendearen erdialdeko landa-giroan jaiotako bi neskatilen abenturak kontatzen dituen nobela.

Azokari amaiera emateko, 25 lagunek irakurketa egingo dute. Emakumeek idatzitako liburuetatik hartutako testuak irakurriko dituzte.

(Berri hau kultursharea.eus-ek argitaratu du)