‘Emakumeak Museoan’, erakusketa ibiltaria Bizkaiko 26 herritako kaleetan

Arte femeninoa erakusten ari da Bizkaian zehar ‘Emakumeak museoan’ erakusketa ibiltarian.  Ekimenak 40 artelanen erreprodukzioak aurkeztuko ditu 26 herritako kaleetan azaroaren 1era arte (klikatu hemen ibilbidea eta obren zerrenda ikusteko).

Erakusketa ‘BBK Artearen Ibilbidea’ dibulgazio artistikorako programaren barruan antolatu da. Arte Ederretako Museoak ere hartu du parte. XV. mendean hasi eta gaur egunera arteko kronologia ardatz hartuta, margolanak, marrazkiak, kartelak eta argazkiak biltzen ditu.

Asmoa herritarrei artea hurbiltzea eta emakumeen presentzia arlo horretan nabarmentzea da. Antolatzaileek diotenez, ekimen honek aukera ematen du, “alde batetik, artearen historian emakumea irudikatzeko izan diren moduei buruz hausnartzeko, eta, bestetik, deskubritzeko XIX. mendearen amaieratik aurrera, emakume artistek beraiek eman izan dutela, konbentzionalismoen kontra, munduaren eta bere buruaren ikuspegia”.

Artistak

Menchu Gal, Mari Puri Herrero, Marta Cárdenas, Itziar Okariz edo Susana Talayero euskal artista ezagunen lanak daude ikusgai, baita nazioartekoak ere: Sofonisba Anguissola, Mary Cassat, María Blanchard, Vieria da Silva edo Dorothea Fischer-Nosbich, besteak beste.

Emakumeak irudikatu dituzten artisten lanak ere ikus daitezke. Horien artean, Bartolome Bermejoren ‘Santa Engraziaren Flagelazioa’; Lucas Cranach Zaharraren ‘Lucrecia’; Paul Gauguinen ‘Latsariak Arlesen’ ospetsuak; eta Ignacio Zuloagaren ‘Mathieu de Noailles kondesaren erretratua’.  Francisco Iturrinoren ‘Biluziak lorategian’ edo Antonio Sauraren ‘Hiru Graziak’ dira beste bi lan aipagarri.

Erreprodukzioekin batera QR kode batek euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez audio- eta idatzi-artxiboak deskargatzeko aukera ematen du.