Oiartzungo mugimendu feministak Ekononomia Feminista Eskola aurkeztu du duela gutxi. Ekimena MunduBat fundazioarekin batera antolatu da eta AraGorputz elkarteak dinamizatuko du formakuntza.
Sustatzaileek prentsaurreko batean azaldu zutenez, eskola oso “interesgarria” iruditzen zaie, gaiagatik ez ezik, “emakumeon jakintza aberasteko pedagogia interesgarria” erabiliko delako ere bai, “denon artean eraikitzen den ikaskuntza da eta”. Gainera, “elkar ezagutzeko balio izango du».
“Denok gara ekonomialariak”
Oarsoaldeko ‘Hitza’ egunkarian argitaratu denez, parte hartzaileek beren motibazioak azaldu zituzten ekitaldian. “Ekonomia, iruditeria kolektiboan, purua erretzen ari den kopadun kapeladun gizon batekin lotzen da”. AraGorputz elkarteko Ione Fernandez Zabaletarentzat, ordea, ekonomia zera da bizitza antolatzeko erabiltzen diren baliabide eta estrategiak. «Ondorioz, denok gara ekonomialariak».
Adibide bat jarri zuen: «Amona zer bazkaldu behar duen pentsatu eta erostera doanean, edo bata eta bestearen zaintzaren ordutegia antolatu behar duenean, ekonomia egiten ari da, bizitza antolatzen. Beste gauza bat da sistema heteropatriarkal arrazista honetan kapitalismo finantzIarioak monopolizatzen duela».
“Ekonomiako kontzeptuak «lapurtu» egin dizkiote jende xeheari”
Fernandezen arabera, ekonomiako kontzeptuak “lapurtu” egin dizkiote jende xeheari. “Desboteretu egin gaituzte. Zerbait antolatua dela esaten dute, guk ez dugula inolako ahalmenik parte hartzeko”.
Beraientzat ekonomia gauza txikien batura da, baina udalerri edo komunitate maila altuagoak ahaztu gabe. Eskolako prozesuan ikuspuntu hori sustatzen dutela ziurtatu zuen Fernandezek: «Ez dadila izan bakoitzak bere etxean egiten duena bakarrik, baizik eta denon artean artikulatu behar gara gure beharrizan eta desioak antolatzeko, inor zapaldu gabe». Indibidualtasun horretatik kolektibora salto egitea da euren apustua.
“Denon artean artikulatu behar gara gure beharrizanak antolatzeko, inor zapaldu gabe”
Fernandezek gogorarazi zuenez, 2014an hasi ziren ekonomia feminista eskolak ematen. Oarsoaldean lehenengo aldiz egingo dute, eta datorren urrian hasiko dira. Zortzi hilabetez, larunbat arratsaldeetan elkartuko dira. Ikasketa prozesua ez dela lineala izango aurreratu zuen Fernandezek, «era kiribildu batean» dagoela dena.
Ez da irakaslerik egongo
Ez da irakasle figurarik egongo. Landuko dituzten gaiak «makroari dagozkionak» eta «intimoak» izango direla aurreratu zuen. «Prozesu honen beste berezitasunetako bat da nola uztartuko ditugun bi alde horiek. Nola bizi garen gure egunerokotasunean eta emozionalitatek zer zerikusi duen jaten dugunarekin, etxeak zerekin garbitzen ditugun, zaintzarekin… Makroekonomiaren terminoak nondik doan logika kapitalista erakusten du, baita kolonialitatea ere».
Fernandezek azaldu zuenez, prozesu hori Ertamerikan sortu zen, eta MunduBat elkarteak ekarri zuen Euskal Herrira.
Helburu nagusia emakumeak boteretu eta «martxan jartzea» da: «Pribilegiorik ez duten kolektiboei leku bat eman nahi diegu, izan gizon zishetero ez direnak, edo arrazializatuta daudenak. Egunero jasaten ditugun zapalkuntzek oinarri zientifiko ez arrazionala dutela ikusi nahi dugu. Sastrakak kendu nahi ditugu, eta emakumeok gure bidea egin».
AraGorputzek lana gorputzarekin egiten du. Ikastaroa euskaraz izango da, erabaki politikoa izan zelako material guztia itzultzea. Ekonomikoki, berriz, dohainik izango da. Izena emateko, mezu bat bidali beharko da Oiartzungo feministen asanbladaren e-posta helbidera.