‘EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez’ erakusketa, Eibarren

Emakume Abertzale Batza elkartearen mendeurrenaren omenez antolatutako ‘EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez’ izeneko erakusketa ikusgai egongo da Eibarko Unzaga Plaza hotelean, gaurtik maiatzaren 1era, Sabino Arana Fundazioak antolatua.

Hogeita lau panelek osatzen dute erakusketa, gaikako sei multzo handitan banatuta: 1) EABren hasierak 2) EABren loraldia; 3) ‘Jaungoikoa eta Lagi Zarra’ (JEL) doktrina; 4) EAB eta hezkuntza; 5) EAB eta gizarte-laguntza eta 6) EAB gerran eta erbestean.

Emakume Abertzale Batza sortzeko lehen urratsak 1922ko apirilean egin ziren, ‘Cumann na mBan’ irlandar emakume abertzaleen elkartea eredutzat hartuz. Hilabete geroago, maiatzaren 7an, hain zuzen ere, ehun emakume inguru bildu ziren eta elkartea eratu zuten.