Durangoko Udaleko Berdintasun Sailak urtero antolatzen duen Abesti Feministen Lehiaketaren deialdia ireki da. Lehiaketak musika adierazpen eta sormen feministak sarituko ditu aurten ere, eta izena emateko epea otsailaren 17ra arte irekita dago. Iazko edizioa lehiaketaren ediziorik emankorrena izan zen, 39 abestirekin.
Aurtengo edizioa bi kategoriatan banatuko da: 30 urtetik beherakoentzako eta 30 urtetik gorakoentzako. 30 urtetik azpikoentzako kategorian bi sari eskainiko dira: bakarlarientzako abesti onena (600€) eta taldeentzako abesti onena (600€). 30 urtetik gorako kategorian, berriz, bakarlarientzako abesti onenarentzat (500€) eta taldeentzako abesti onenarentzat (500€) sariak banatuko dira.