Durangoko Udalak jai-giroan indarkeria matxistaren prebentzio eta jarduera protokoloa eguneratuko du, sentsibilizazio, hautemate eta erantzun-neurriak indartuz. Berrikuntza honek San Faustoko jai seguru eta inklusiboak bermatzeko udal-konpromisoari erantzuten dio, herritar guztientzako baliabide irisgarriekin.
Durangoko Udalak lizitazio-prozesua ireki du jaietako indarkeria matxistaren prebentzio eta jarduerarako protokolo bat egiteko, baita horren ezarpena gauzatzeko beharrezko zerbitzuak kontratatzeko ere. Horien artean egongo dira puntu morearen arreta zerbitzua eta baita jai-egunetan 24 orduko telefono bidezko arreta ere. Kontratuaren aurrekontua 20.000 eurokoa da (BEZik gabe), eta eskaintzak aurkezteko epea martxoaren 19an amaituko da.
Jaietarako protokolo berria mugimendu feminista eta tokiko beste kolektiboekin lankidetzan egingo da, Durangoko errealitatean oinarritutako ikuspegiarekin.
Durangaldeko Emakumeen aurkako Indarkeriaren Aurkako II. Jarduera eta Koordinazio Protokoloan jasotako datuen arabera, 2024an 56 indarkeria matxista kasu erregistratu ziren Durangon, aurreko urtean baino 13 gehiago. Kasuen %70,9 genero-indarkeria izan zen, %14 indarkeria sexuala eta %12,7 indarkeria familia barnekoa.
Horrez gain, kasuen %72,2tan erasotzailea bikotekidea edo bikotekide ohia izan zen, eta gertakari gehien izan zituzten adin-tarteak 41-50 urte (%27,8) eta 21-30 urte (%22,2) bitartekoak izan ziren, bai biktimen bai erasotzaileen kasuan. Udaletik gogorarazi dute datu hauek arazoaren zati bat besterik ez dutela islatzen, emakume askok erakundeetara jotzen ez dutelako eta erregistroetatik kanpo geratzen direlako.
Jesica Ruiz Berdintasun zinegotziak eguneratze honen garrantzia azpimarratu du: “Datuak argiak dira: indarkeria matxista oraindik presente dago gure gizartean, eta Durango ez da salbuespena. Protokoloa berrituta, erantzun eraginkorrago eta hurbilago bat eman nahi dugu, behar duen edonork informazio eta arreta espezializatua berehala eskuratu ahal izan dezan, bereziki, San Faustoko jai-giroan.”
Tokiko kolektiboekin lankidetzan egindako protokolo berritua
Eraginkortasuna hobetzeko, protokoloa jai batzordearekin, mugimendu feministarekin, ostalaritza eta aisialdi establezimenduekin, Udaltzaingoarekin eta kultura zein berdintasun arloekin lankidetzan eguneratuko da. Prozesu honek neurriak egungo errealitatera eta aurreko urteetan hautemandako beharretara egokitzen lagunduko du.
Durangoko Udalak berdintasunarekin eta indarkeria matxistarekiko tolerantzia zeroarekin duen konpromisoa berretsi du, 2025eko San Fausto jaiak gune berdinzale bihurtzeko lan eginez.