Bortizkeria matxista jasandako biktimen erraparaziorako monumentoa Durangon

Durangoko Udalak bortizkeria matxista jasan duten biktimen erreparaziorako monumento bat ezarri du Anbrosio Meabe plazan. Ekimena Andereak biolentziaren kontrako elkarteak proposatu zuen eta gero Berdintasun Kontseiluak bere egin zuen proposamena aldaketa batzuekin. Andereak-ek Ofelia Hernandez, izen eta abizena duen eraildako bakarra gogoratu nahi zuen, baina azkenean biktima guztiak era anonimoan oroitzea erabaki zen.

Monumentoa pasa den larunbatean inauguratu zen eta ekitaldian hainbat esparrutako pertsonek hartu zuten parte: mugimendu feministako kideek, politikariek eta gizarte eragileek, batez ere.

Egindako aitorpena garrantzitsua da, autonomia-erkidegoan ez dagoelako honelako iniziatiba askorik eta mugimendu feministak beharrezko ikusten ditu memoria kolektiboa eraikitzeko, biktimei errekonozimendua eskaintzeko eta euren erreparaziorako.

Erreparazio printzipioa

Alkatea Ima Garrastatxuk lore sorta bat jarri zuen monumentoaren oinetan eta Berdintasun zinegotziak, Ane Abalanzabalegik, deklarazio instituzionala irakurri zuen. Erreparazio printzipioa aldarrikatu zuen, “esku-hartzeko politiken bidez, baina baita biktimen estatusa legitimatzen eta duintzen duten politiken bidez ere”.

Zinegotziak “beldurra, pasibotasuna, biktimismoa, lotsa edo errua bezalako estigmetatik ihes egin behar” dela esan zuen. Omenaldia “justizia sozialeko eta aintzatespeneko ekintza” dela gehitu zuen, “memoria indibidualetik kolektibora igarotzen dena, eta herritarren sentsibilitatea eta kontzientziazioa bultzatzen duena”.

Monumentua Nagore Txintxurreta ilustratzaileak diseinatu du. Erika Lagomak bertso batzuk abestu zituen Ixone Aroma dantzariak dantza egin zuen bitartean. Goiuri Iturrizak (txistulariak) eta Leire Arrietak (irrintzilariak) ere lagundu zuten ekitaldiari solemnitatea ematen.

 

ERIKA LAGOMAREN BERTSOAK

Oroiminetik aitortza
ta amorrutik oroitza
bakoitza guztiak gara
eta guztiak bakoitza

Ahizpatasuna, lotura
egin nahia ta ardura
bigarren heriotza bat
izaten baita anztura

Ukatutako ezetza
da gorputzaren jabetza
Okela zatiz gainezka
dauka munduak despentsa

Irudia, hitza, plaka
injustiziaren mapa
sinbolismotik harago
altxa dadila enbata

Itsua balitz bezala
bertatik pasa ahala
begiak itxita ere
orbaina ikus dezala

Arrakalatu murrua
erraietatik orrua
urradurak ahaztu gabe
berritu dadin larrua