Zinemaldiak eskaintzen dituen bertako estrainaldien artean Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufía zuzendarien ‘Arnasa betean, emakume zinegileak’ nabarmentzen da. Euskal emakumeek sortutako zineman murgilaraziko gaituzte bi zinemagileek filmean. Irailaren 26rako programatua, Victoria Eugenia Antzokian emango da Euskal Zinemaren Galaren barnean.
Zinemira euskal zinemari buruzko atalean, 9 filmetatik 3 emakumeek zuzendu dituzte eta lehiketatik kanpo proiektatuko dira Donostian eman aurretik estreinatu direlako. Estibaliz Urresolaren ‘20.000 erle espezie’ filmak emango dio hasiera sailari. ‘In the Company of Women’, Sílvia Munt aktoreak zuzendutako bigarren film luzea, Málagako zinema-jaialdian lehiatu zena, ere ikusiko da.
‘Tetuán’, Iratxe Fresnedaren lan berria, hainbat jaialditan emana, hala nola Gijónen, Zinebin eta Nantesen, sail honetan ere sartu da
Urrezko Maskorra
Sail Ofizialean Urrezko Maskorra lortzeko ariko dira lehian Jaione Camborda donostiarraren ‘O corno’ eta Isabel Hergueraren ‘El sueño de la sultana’ animazio-filma. ‘Chinas’, Arantxa Echevarríak zuzendutako film berria, RTVE Galen parte izango da.
Zabaltegi-Tabakalera sailean, Irati Gorostidiren ‘Contadores’ film laburra emango da, Cannesko Semaine de la Critique atalean parte hartu eta iazko Kimuak katalogoan bildu ondoren. Zinemaldiak iragarri duenez, gaur egun, Gorostidi bere lehen film luzean ari da lanean, ‘Anekumen’, 2022ko Ikusmira Berriak programan eta beste mentoretza- eta merkatu-programa batzuetan hautatua.