Amorebieta-Etxanok Marixelarre Sariaren 2. edizioa ospatu du gaur. Sariak helburu du emakume zornotzarrak eta Amorebieta-Etxanoko emakumeen alde lan egin duten pertsonak, erakundeak eta proiektuak aitortzea. Edizio berri honetan, Udalak 1940 eta 1975 urteen artean lanbide profesional batean aritu ziren berrehun bat emakume zornotzar omendu ditu.
Zubiondo parkean dagoen karpan, eta Emakume Nekazarien, Abeltzainen eta Artisauen Azokaren 25. edizioaren baitan, Gizarte Ekintza eta Berdintasuneko zinegotzi Ainhoa Salterainek bertan bildutako pertsonei gogorarazi die: “aurten ere, eta mende laurdenera iritsi gara dagoeneko, Emakume Nekazarien, Abeltzainen eta Artisauen azoka ospatzen ari gara. 25 urteko lana, Amorebieta-Etxanoko emakume nekazari eta rtisauen lan isilaren balioa nabarmentzeko. Emakumeak izan dira herri honen bizkarrezurra eta eskulana, familiaren ekonomiarako eta euskal gizarte, kultura eta tradiziorako funtzio garrantzitsuak betez”.
Hala, Saterainek azaldu du joan den urtean Udalak pausu bat gehiago eman zuela Marixelarre Sariarekin, emakume zornotzarra aitortzeko eta honen lana balioan jartzeko: “1940 eta 1975 urteen artean edozein lan-esparrutan lanbide bat izan zuten emakume horientzat guztientzat da aurten omenaldia. Eta garai zehatz honetan egiten dugu, haiek izan zirelako gure emakume aitzindariak. Azaroaren 25aren inguruan, bereziki hunkituta nagoen proiektu bat jarri genuen martxan. Amorebieta-Etxanoko eraikuntzan parte hartu zuten emakume zornotzarrei omenaldia. Ez genuen haien ahotsik, ez genekien zein zen gure herriaren historia emakume-ahotsarekin. Denek ezagutu eta entzuteko moduko istorioak. Amorebieta-Etxanoko historia ezagutu eta kontatu nahi dugu, baita emakume zornotzarren testigantzen bidez ere”.
Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak azaldu du garai hau oso konplexua izan zela gizartearentzat, eta are gehiago emakumeentzat: “Bidezkoa da zuek guztiok, zornotzar emakumeok, gizarte eta garai konplexu batean egindako lana eta egindako ahalegina aitortzea eta balioestea. Zuen ahalegina eta dedikazioa izan dira hurrengo belaunaldiok aurrera egiteko izan dugun oinarria. Zuen ausardia eta abangoardiako lanik gabe, ezinezkoa izango zen emakumeok gaur egun lanean eta gizartean izan ditugun konkistak lortzea, nahiz eta oraindik bide luzea dugun egiteko. Gure inspirazioa zarete, eta egin zenuten sakrifizioa ez zen alferrik izan. Gure betebeharra eta erantzukizuna da haurrak eta gazteak ahalduntzea eta batzuk eta besteak berdintasunean heztea. Marixelarre Sariak apalki lagundu nahi du bide honetan”.
Guztira 230 emakume zeuden deituta gaur, nahiz eta guztiek ezin izan duten bertaratu: “ziur nago pertsonaren bat ahaztu dugula. Horregatik, dei berezia egiten dizuet astelehenetik aurrera Herritarrentzako Arreta Zerbitzura hurbiltzeko, udaletxeko beheko solairuan, merezi duten aitorpena jasotzera”.