Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak ‘Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik bizi diren adineko emakumeak: emandako baimen soziala?’ txostena aurkeztu du Gasteizko BIZAN-INFO adineko pertsonentzako informazio-bulegoan, Iratxe Herrerok eta Carlos Díaz de Argandoñak osatutako bikote ikertzailearekin eta Lucho Royero Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako Saileko zinegotzi-ordezkariarekin batera. Azterlanean parte hartu duten Bizan zentroetako adineko emakumeak ere izan dira aurkezpenean.
Azterlan hau Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko ikerketa-lanei ematen dien bekaren emaitza da, eta bere helburua da jakitea zer faktore soziokulturalek baldintza dezaketen modu negatiboan esperientzia horri aurre egiteko modua, kalteberatasuna murrizteko eta bizi-kalitatea bermatzeko neurri egokiak ezartzeko asmoarekin. Eta, besteak beste, honako ondorio hau ateratzen du: bakarrik bizitzea ez du zertan bakarrik sentitzearen baliokidea izan, gizarteak adineko emakumeei buruz duen irudi estereotipatutik ondorioztatu dezakeen bezala.
Emakundeko zuzendariak adierazi duenez, “adineko emakume askorentzat, bakarrik bizitzea ikaskuntza bat da, aukera bat, hazkunde pertsonaleko etapa bat; tristurazko edo bakardadezko uneak barne hartzen dituen arren — bizitzako beste edozein etapan bezala —, gehienbat positibotzat jotzen da, bai sortutako egoera batengatik bertara iritsi direnen artean, bai askatasunez aukeratu dutenen artean ere”.
Bestalde, Lucho Royero Gizarte Politiketako zinegotziak adierazi duenez, Gasteizko BIZAN zentroen sarearen zeharkako ardatzetako bat “bakardadea arintzea eta adinekoen harremanak, ikaskuntza eta parte-hartzea erraztea da. Uste dugu bakardadearekin bizitzen ikassi behar dela begirada gizatiarrago, lagunduago eta positiboago batetik “.
Gehiago dira emakumeak
EAEn bakarrik bizi diren pertsona guztietatik, % 32,5 dira 65 urte eta gehiagoko emakumeak, eta gehienak, % 75,4, alargunak. Hala, zahartzaroaren bizi-etapan, emakumeek aukera gehiago dituzte bakarrik bizitzeko gizonek baino, beraz, generoak eragina du bakarrik bizi diren adinekoen pertzepzio sozialean.
Izan ere, azterlanaren arabera, bakarrik bizi diren adineko emakumeen irudiak osagai negatiboak ditu emakume izatearekin eta adinarekin lotuta dagoelako, eta egoera hori tristuraz bizi dutela ondorioztatzen da, estereotipo negatibo bat indartuz.
Hausnarketa gisa, lanak ohartarazten du, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan lorpenak izan diren arren, bizimodu hori aukeratzeko askatasunari dagokionez, protagonista adineko emakume bat denean, nolabaiteko gizarte-baimenaren mende geratzen dela bere bizimodua aukeratzeko eta aurre egiteko modua. Honek bere bizi-kalitatea baldintzatzen du eta haren zaurgarritasuna areagotu dezake. Hala ere, gizarte-oztopo horiek gorabehera, bakarrik bizitzea hazkunde pertsonalerako eta gizarte-ekarpenerako aukera bat dela egiaztatu da ikerketan zehar, eta bizi-esperientzia honetako protagonistek positiboki baloratu dute nagusiki aukera hori.
Ikertzaile-taldeak bi erronka aipatu ditu, politika publikoek beren gain hartu beharrekoak: batetik, gazteak zirenean bakardadearen aldeko hautua egin zuten emakume askoren rol aitzindaria aitortzea, eta, bestetik, adineko emakumeek gaur egun bakarrik bizitzeko duten eskubidea ahalbidetzea.
Ikerketa-taldea
Iratxe Herrero Zarate soziologo eta gerontologoak koordinatu du ikerketa, eta Carlos Díaz de Argandoña Fernández berdintasun-agente eta prestatzaileak ere parte hartu du. Bi hamarkada baino gehiago daramatzate elkarlanean hitzaldiak eta ikastaroak ematen. Gaur egun, ikerketa sozialerako kabinetea y-logika koordinatzen dituzte.


