Azaroaren 25a aldarrikatzeko tailerrak, kirol jarduerak, antzerkia eta zinema Berrizen

Berrizko Udalak azaroaren 25eko, Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxista Desagerrarazteko Nazioarteko Eguneko, programazio bereziaren berri eman du eta hilabete osoan zehar hainbat kultura-, kirol- eta tailer-jarduera egingo dira, baita azaroaren 25eko mobilizazioa ere.

Bihar, hilak 9, 10:00etatik 14:00etara eta Safo Eskolaren eskutik autodefentsa feministako tailerraren lehenengo saioa izango da (bigarrena 16an izango da, ordutegi berean). Parte hartu ahal izateko, aldez aurretik izena eman beharko da berdintasuna@berriz.eus helbide elektronikoaren bidez, 946 82 45 25 telefonoan edo 603 837 471 telefonoan.

Egun horretan bertan, 19:00etan, ‘Menina. Soy una puta obra de Velázquez’ antzerkia izango da, Proyecto Cultura produkzio-etxearen eskola-jazarpenari buruzko bakarrizketa. Nuqui Fernándezek interpretatua, bere obesitatea dela eta, arte eskola batean besteen burlak pairatzen dituen gazte baten alegatua da, non ‘Menina’ ezizena jartzen dioten. Tragikomedia klabean idatzita, 55 minutuko obran pertsonaia horrek bere nortasuna errebindikatzen du, ahulenei edozein eremutan erasotzen dietenek ezartzen dituzten edertasun-kanonen gainetik.

Programatutako beste jarduera kultural batzuen artean, June Fernández Casetek idatzi eta Miren Amurizak moderatuko duen ‘Aingeruak eta neskameak: haurdunaldi subrogatuei buruzko analisi feministak’ Kafeminista Tertulia izango da, hilaren 21ean arratsaldeko 18:00etan Kultur Etxeko ikasgelan.

Mobilizazioa

Azaroaren 25eko eguna, Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxista Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, 18:00etan hasiko den mobilizazioak markatuko du. Gure Izarrak, Berrizko Emakume Migratuak eta Azeri Gorriak deitutako mobilizazioa da, eta Udala deialdira batuko da eta parte hartzeko deia egiten die herritar orori.

Azkenik, 26an, 18:30ean, antzerki-laborategia eskainiko da, jabekuntza ikastaroko partaidetza-saio batekin.

Indarkeria matxistaren aurka gaitzespen publikoa egitera animatzeko deia luzatu du udalak eta hurrengo asteetan etxe guztietan banatuko den puntu lila leku ikusgarrian jarriz.