Aniztasun funtzionala duten emakumeen % 80k indarkeria matxista jasaten dute

Aniztasun funtzionala duten emakumeen % 80k indarkeria jasaten dute, eta gainerako emakumeek baino lau aldiz arrisku handiagoa dute sexu-indarkeria jasateko.  Horrela jasotzen du ‘Ezgaitasuna duten emakumeen aurkako indarkeria Covid19  garaian eta talde sororitarearen esperientziak on line’ artikuluak, CERMI Mujeres Fundazioko Esther Castellanos-Torresek eta Isabel Caballerok idatzitakoak.

Konfinamenduak arrisku hori handitu egin du. Women Enabled Internationalen (Wei) 2020ko txosten baten arabera, “isolamenduaren ondorioz, emakumeek aukera gutxiago izaten dituzte indarkeriatik ihes egiteko, batez ere ohiko laguntzarik ez badute”.

Gainera, “laguntza-zerbitzu formaletarako sarbidea murrizteak esan nahi du emakumeak gehiago egongo direla laguntza-metodo informalen mende, eta horrek are gehiago lagundu diezaioke indarkeriari, esplotazioari eta abusuari”. Era berean, kezkagarria da “instituzionalizatuta dauden emakumeen egoera, isolatuta egoteagatik indarkeria jasateko arrisku handiagoa baitute; egoera hori areagotu egiten da senideei edo beste bisita batzuei sartzen uzten ez zaienean”.

Fundazioak zera ondorioztatu du: “Krisi honek ez du oraindik genero-ikuspegia ziurtatzen desgaitasuna duten pertsonei ematen zaien erantzunean”.

“23,4k desgaitasuna indarkeria fisiko edo sexualeko gertaeraren baten ondorioz du”

Genero Indarkeriaren Aurkako Makroinkestan argitaratutako azken datuen arabera, “bikotekideen artean indarkeria fisikoa, sexuala edo emozionala jasan duten edo beldurra sentitu duten emakume desgaituen % 17,5ek diote bikotekideek eragindako indarkeriaren ondorio dela haien desgaitasuna”.

‘Ez zaude bakarrik’ ekimena

Are gehiago, “egiaztatutako desgaitasunen bat duten emakumeen % 17,4k bikotekideren baten indarkeria fisikoa jasan du, desgaitasunik ez duten emakumeen % 11ren aldean; eta % 23,4k, desgaitasuna indarkeria fisiko edo sexualeko gertaeraren baten ondorioz du”, inkestaren arabera.

Hori dela eta, Cermi Fundazioak  erakundeei begirako gomendioen dekalogo bat egin du. Halaber, genero-indarkeria salatzeko orientazio praktikoen gida prestatu du. Era berean, ‘Ez zaude bakarrik’ ekimena jarri du abian, aniztasun funtzionala duten emakume eta neskei, amei, profesionalei eta zaintzaileei zuzendutako saio birtualak hainbat gairi buruz.