Frankismoan emakumeen aktibismo politikoa ez da erraz identifikatzen. Izan ere, erabiltzen zituzten estrategiak kamuflatuta zeuden beren eguneroko ekintzen artean. Horrela azaldu zuen Maria Gorrosarri adituak larunbatean 36ko gudaren ondoren emakume errepresaliatuei Durangon egin zieten omenaldian.
Ekitaldia indarkeria matxistaren kontrako Andereak elkarteak bultzatu eta Udalak antolatu zuen. Preso ‘gorrien’ kartzela zegoen tokiaren aurrean oroimenezko plaka bat jarri zen eta ondoan horma-irudi bat margotu zen.
Gorrosarrik, kazetaritza irakasle eta ikertzaileak, emakume presoen omenezko testu bat irakurri zuen. Ixone Aroma dantzariak, beste emakume dantzari batzuekin batera, performance hunkigarria eskaini zuen. Leire Vargas idazlea eta bertsolariak kantu bat abestu zuen. Amaitzeko, lekuaren esanahia azaltzen zuen atrilaren ondoan arrosa gorriak utzi zituzten.
Durangoko kartzelak 1000 bat preso hartu zituen. Neverseko komentuan zegoen, baina Karitateko mojek zuzentzen zuten. Preso gehienak Extremadura, Galizia eta Euskadiko ezkerreko fusilatuen alargunak ziren. Errepublikaren aldeko ideiak zituztela edo erregimenaren antzekoak ez ziren mugimenduetakoak zirela egozten zitzaien. Zigor handiak eta era guztietako irainak jasan zituzten, baina, Gorosarriren arabera, ekintza politikotzat jo daitezkeen elkartasun-mekanismoak ezarri ziren haien artean. Hala ere, 17 persona hil ziren kartzelan, tartean 9 ume, hainbat gaixotasunen batek jota.
María Gorosarriren diskurtsoa
Durangoko espetxea itxi eta 83 urtera, bertara ekarri zituzten Estatu osoko andreak gogoratu gura ditugu. Durangotik alde egindako Nevers mojen komentuan ipini zuten faxistek espetxea.
Andrentzako espetxeek ez zeukaten kartzela itxurarik. Zergatik? Andrei gizartean politikoki parte hartu izana ez aitortzeko. Horregatik , presoek ez zioten espetxe esaten, “androntzako biltegi batean” pilatu zituztela azaltzen zuten. Baina presoek espetxean bertan ere erresistentzia sistema eratu zuten.
Andren aurkako errepresioaren oinarria gure militantziaren izaera politikoa ezabatzea zen. Erru bako andreak, ezjakinak, ideologia bakoak… esatean, Errepublikako bizitza sozio-politikoan eta borroka antifaxistan parte hartu izana ezkutatzea da helburua.
Andrak menderatzeko faxisten estrategia gauzatzea da, azken finean. Izan ere, faxisten garaipenaren zauria erakusten zuen Durango minduan, hainbat eta hainbat gizon espetxeratu eta eraildakoarekin, herrian antolatu zen erresistentzia antifaxista andreena izan zen. Durangar batzuk ezagutzen ez zituzten espetxeko militanteak bisita egitera konprometitu ziren, haien familiak urrun bizi zirelako edo hil egin zituztelako. Bisitak era iragan antifaxista partekatzen zituzten.
Durangoko espetxea itxi eta 83 urtera, orduan andreen biltegietan abere moduan sartuta, baina etsitako gizarte batean militante ikusezin izateari uko egin zioten andre horien guztien duintasunaren araberako etorkizuna gura dugu.
Kartzelan hildakoen zerrenda
Salvadora Gómez Rodríguez, 21 urte
Dolores Castelló Solsona, 53 urte
Guadalupe Gargallo Alegre, 32 urte
Eugenia Hinojosa Peces, 20 urte
Nieves Martín Ros, 56 urte
Eustaquia Pérez López, 22 urte
Umeak
Vicenta Rubio Álvarez, 6 hilabete
Ángeles María Lourdes Lancha Carmena, 11 hilabete
Manuel Arana Eguiñu, 6 urte
Antonio Cáceres Frontelo, 6 hilabete
Anastasia Ancos Cuesta, 6 hilabete
José Luis Méndez Lerma, 3 hilabete
Alejandro Jimeno Montoliu, 8 hilabete
Néstor Marín Bayón, 20 hilabete
Victoria Gálvez Espinosa, 10 hilabete