‘Amama Influencer’, Enkarterrietako emakumeen historia

Amama Influencer’ Enkarterrietako Museoak bultzatutako emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko proiektua da. Martxan ipintzeko, Sodupeko Eretzaberri Institutuko Bigarren Hezkuntzako ikasleek dozenaka adinekoren testigantzak jaso dituzte.

Bultzatzaileek azaldu dutenez, ikerketa-proiektuaren helburu nagusia Cadagua ibaiaren arroko emakumeen oroimen historikoa berreskuratzea izan da, batez ere, urteetan industriarekin hartu-emon estua izan duten emakumeen bizipenetan sakonduz.

Horrela, ‘enpatia historikoa’ eta emakumeen lekukotzen entzute aktiboa teknologia berrien erabilerarekin konbinatuta, ikasleek euren aurrekoen gertuko iragana berreskuratu nahi izan dute eta aldi berean protagonistak omendu.

Elkarrizketatutako ‘amamak’, 18 guztira, belaunaldi gazteenen erreferente edo ‘influencer’ izan dira egun batzuetan, eta lan hori laster ikusi ahal izango da Instagram sare sozialean.

Proiektua hainbat lekutan gauzatu da: ikastetxean, Sodupeko kaleetan, etxeetan eta Museoan bertan. Diziplina anitzeko proiektu horretan protagonismoa hartu du, baita ere, emakumeek eskualdearen garapen industrialari egindako funtsezko ekarpena erakusten duen eta urte amaierara arte Enkarterriko museoan ikusgai egongo den ‘Lantegietako Emakumeak’ erakusketak.

Ehundaka lanpostu industrian

Entzute aktiboaren bidezko gazteen eta adinekoen parte-hartzeak XX. mendearen erdialdetik aurrera Cadaguako lantegietan ehundaka industria-lanpostu beteteko gai izan ziren emakumeen bizipenen alderdirik gizatiarrena ateratzea lortu du.

Parte hartu duen taldeak elkarrizketatutako emakumeen emozioekin konektatzea lortu du, ikasleen ‘enpatia historikoa’ bultzatuta, eta batzuetan gazteentzat ulertezinak diren iraganeko fenomeno historikoak ulertzea lortu du.

“Cadagua bailarako prozesu industrializatzaile guztia bertatik bertara ikasteko aukera eman zaigu”

Esperientzia “benetan ona” izan da, adierazi du Ainara Arranz Enkarterrietako Museoko Hezkuntzako arduradunak. Proiektuan zehar “ikasleen parte-hartze eta erantzun positibo handia” ikusi du. Lehenengo edizioa proba pilotua izan da eta, izan duen “arrakasta” ikusita, datorren urtean jarraipena izango du. 80 ikasle inguruk hartuko dute parte.

Testuliburuetan alboratutako gaia

Ikastetxeko irakasleek diotenez, Eretzaberri herri eskolak “ezin zuen pasatzen utzi” Museoak planteatutako aukera, ‘Amama influencer’ proiektua “maila askotan aberasgarria izan delako. Alde batetik, Cadagua bailarako prozesu industrializatzaile guztia bertatik bertara ikasteko aukera eman zaigu, baita prozesu horretatik eratorritako eraldaketa sozialak, urbanistikoak eta ingurumenekoak ere. Beste alde batetik, amamen historiari erreparatzen badiogu, emakumeek historian zehar izan duten bizitza eta ekarpena ezagutzeko eta aitortzeko aukera izango dugu. Gai horiek askotan geratu dira alboratuta testuliburuetan”.

Emakumeen oroimen historikoa berreskuratzeko proiektua Bizkaiko Batzar Nagusien Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako II. Planaren helburuen artean dago; izan ere, planaren jardueraren ildoetako bat emakumeen ahalduntze kolektiboa eta soziala da, emakumeek Bizkaiko historian, kulturan eta gizartean izandako ekarpenaren aitortza bultzatzeko.