Euskal literatura feministaren gomendioak hilabetero entzun daitezke ‘Ahots Planeta’ podcast-ean. Euskal Idazleen Elkartea eta Azkue Fundazioaren ekimena da. Sustatzaileek audio “fresko eta jostaria” izan nahi duela iragarri dute, non “isilduak edo isilaraziak mantendu diren emakumezko sortzaileen ahotsei oihartzuna eman asmo dien”, azaldu dute.
Idoia Carramiñana eta Garazi Albizua idazleek gidatuko dituzte programak. Edizio bakoitzean fikzio bat aurkeztuko dute eta amaieran testu bat idaztera animatuko dituzte entzuleak, “gozamenetik” egindakoak eta “helburu akademikorik gabe”.
Hilabete honetako lehen saioan, Juliana Léveillé-Trudel idazlearen ‘Nirliit’ eleberriari buruz hitz egin zuten. Eleberrian, Salluit herrixkara lan egitera uda sasoian heldutako emakumeak desagertutako lagun inuitari kontatzen dio zertan den hark utzitako lurraldea, nolakoak diren herrikideak eta zer nolakoa den hain ongi ezagutzen duen iparraldeko bizimodu latza.