Abortuaren kontrako kartelak kenaraziko ditu Gasteizko Udalak

Propagandisten Elkarte Katolikoak Gasteizko markesinetan jarritako abortuaren kontrako kartelak kentzeko eskatu dio Udalak enpresa arduradunari, emakumezkoen “oinarrizko eskubideak” urratzeagatik.

Joan den astean, polemika handia piztu zuen Gasteizen eta Espainiako Estatuko beste 30 bat hiritan Propagandisten Elkarte Katolikoak (ACdP) abortuaren aurka martxan jarritako kanpainak.

Gasteizen gutxienez bost kartel agertu eta berehala, “berehala” kentzeko eskatu zuten Elkarrekin eta EH Bildu udal taldeek. Gorka Urtaran alkatea bera ere kanpainaren aurka agertu zen ostegunean, Udala indarrean dagoen araudia betetzen ote duen aztertzen ari zela iragarriz.

Hainbat kontsulta juridiko egin ondoren, Udalak astelehen honetan jakinarazi du kartelak kentzeko eskatu diola espazio publikoko publizitatea ustiatzen duen JC Decaux enpresari. Udal araudiaren arabera, espazio publikoan jartzen den publizitatea “ezin da inola ere iraingarria edo diskriminatzailea izan”.

Udaleko iturriek azpimarratu dutenez, Emakunderi enkargatutako txosten bat “erabakigarria” izan da erabakia hartzeko. Izan ere, Emakumearen Euskal Erakundearen arabera, esan liteke kanpaina horrek “urratzen dituela emakumeek sexu eta ugalketa osasuna babesteko duten eskubidea, norberaren eta familiaren intimitaterako oinarrizko eskubidea eta emakumeen osotasun fisiko eta moralerako eskubidea”.

Emakumekiko jazarpena

“Abortatzeko kliniken aurrean otoitz egitea primeran dago”, dio ACdP elkarte ultra-katolikoaren propagandak, eta honakoa gaineratzen du: “Mezu hori bertan behera gera daiteke Abortuaren Legearen erreformagatik”. Izan ere, Espainiako Gobernuak legez debekatu nahi du jarduera hori, abortatzera doazen emakumeekiko jazarpena suposatzen duela iritzita.

Mezua ez da hor amaitzen: “Espainian 99.000 abortu baino gehiago egiten dira urtero. Abortuen aurrean otoitz egiten dutenen delitua bizitza hauetakoren bat salbatu nahi izatea da. Ez dugu asmatu, hau Jesusen istorioa da”.

(Informazioa alea.eus-en argitaratu da)