Ez da erraza Marisa Barrena aurkeztea. Hainbeste gauza interesgarri eta aberasgarri egiten ditu ezen zaila den idazki labur batean aurkeztea eta bere alde guztiak erakustea. Hala eta guztiz ere, gure protagonista esaldi batean definitzen saiatuko gara: aldarrikapen askorekin konpromiso izugarria erakusten duen emakumea eta borroka desberdinetan ipintzen duen adore eta konpromisoarengatik pertsona askok miresten eta estimatzen dutena.
Oso emakume ezaguna da Durangaldean eta erreferentea bi arlotan batez ere: feminismoan eta euskaran eta euskal kulturan. Eskertzekoa den eta gehitu behar zaion beste meritu bat sektarismoan jausteko hain aproposak diren bi gai horietan oso urrun egon dela alderdikerietatik. Ibili den lekuetan zubilana eta taldeak egiten saiatu da. Bere bolondres lanaz hitz egitean, adibidez, “ni” hitza erabiltzen duenean “talde lana” esan nahi duela zehazten du.
Ekintzailea eta familiazalea
Zornotzako ‘Aldakuenea’ baserrian jaio zen orain dela 68 urte, baina ezkondu zenetik Durangon bizi da. Bi alaba eta bi iloba ditu. Ekintzailetzat du bere burua baina familiarako ere ateratzen du denbora, bai orain jubilatuta dagoenean, bai lehen Eusko Jaurlaritzan euskara teknikari izan zen garaian.
Elkarrizketa egiteko Durangoko Herria Elkartearen tabernara joan naiz eta ohikoa ez den irudian bi lagunekin lasai-lasai solasean aurkitu dut. Betiko lagunak direla dio eta hilean behin eurekin elkartzen dela kafe bat hartzeko eta pasatako garaiak gogoratzeko.
“Nire identidadea eta ama hizkuntza da. Etxean ikasi nuen euskeraz hitz egiten eta maitatzen”
Tertulia, noski, euskaraz da. Lagunei agur esan eta gero zera azaldu du: “Nire identidadea eta ama hizkuntza da. Etxean ikasi nuen euskeraz hitz egiten eta maitatzen”. Ikasketak gaztelaniaz egin zituen eta nagusitan alfabetatu zen. Garai hartan, ‘Kili-kili’ aldizkarian zuzentzaile aritu zen eta 1972tik aurrera Durangon egin ziren alfabetatze eta euskalduntze kanpainetan jardun zuen.
Gaur egun, ‘Mintzanet’ programan parte hartzen du, “oso tresna baliagarria” iruditzen zaiolako euskara zabaltzeko. Bertan besteei laguntzen die euskeraz hitz egiteko beldurra kentzen eta trebatzen, eta bera bezalako ‘bidelagunak’ bilatzen ari da gutxi direlako.
‘Hitzez eta ahotsez’
Azken urteotan bultzatu duen beste ekimen bat ‘Hitzez eta ahotsez’, idazle bat edo gai bat oinarri hartzen duen literatura jardunaldia. Ekimena euskarazko testuen 7 orduko irakurraldia eginda amaitzen da. 280 partaide inguru biltzen ditu saioak eta hurrengoa 7. edizioa izango da.
Ahal izan duenean, Euskal kultura eta feminismoa lotu ditu. Euskal dantzan pausu garrantzitsuak bultzatu ditu: emakumeak ‘Dantzari-dantzan’ parte hartzen ilusioz ikusi zituen 2015eko Durangoko jaietako egun nagusian eta hurrengo urtean Merinaldeko Ezpatadantza Egunean ere bai.
Matxismoak leku guztietan du eragina eta tradizioetan bereziki: hor dugu Alardeen auzia. Euskal dantza eta Durangaldea ez dira salbuespen. “Durangaldeko dantzak gizonek zituzten ia esklusiban”. Beraz, dantzak parekideak izan zitezen pedagogia egin behar izan zuten eta horretarako “gehien lagundu ziguna gizon bat izan zen, Oier Araolaza. Berak eman zizikigun aholkuak erabili genituen”. Gaur egun oso normaltzat hartzen da Durangaldean emakumeek aurreskua eta bestelako betiko gizonen dantzak egitea.
Hori Kriskitin dantza taldeko batzordean egon zenean lortu zen. Barrenak bi helburu zituen Kriskitinen: parekidetasunaz gain, kulturartekotasuna. Pozik dago gai horretan lortu zutenarekin ere. Dantza taldea Espainiako autonomia erkidego guztietan egon da. Baita Europako hainbat herrialdetan eta Ameriketan ere.
Feminismoa eta euskara uztartu ditu, halaber, Durangoko Andragunean-Emakumeen etxean gidatzen duen irakurle taldean. Urtean-urtean hainbat idazle ekarri ditu euren lanez hitz egiteko eta irakurleen ‘feed-back’a jasotzeko.
Emakumeen literatura “gero eta sendoagoa eta kalitate handiagokoa da” eta “bistaratu egin behar da”
Barrenaren ustez, emakumeen literatura “gero eta sendoagoa eta kalitate handiagokoa da” eta “bistaratu egin behar da”. Idazleak “oso-oso gustora etortzen dira irakurleekin hitz egitera”, dio. Gainera, “emakume erreferenteak behar ditugu eta, bai idazleak eurak, bai sortzen dituzten unibertso literarioek balio dute horretarako”.
Miren Amuriza idazle berriztarrak eman zion bukaera azken ikasturteari. Datorren abenduan ‘Basa’ liburua izango dute berirro solasgai eta hurrengo saioetan Miren Agur Meabek, Kattalin Minerrek, Mari Luz Estebanek eta Samara Veltek hartuko dute parte.
“Erreferente maskulinoak edonon”
Barrenak azpimarratzen duenez, “erreferente maskulinoak edonon daude: telebistan, eskolako liburuetan… Kaleak ere eurek okupatzen dituzte” eta emakumeok arduratu behar gara erreferenteak topatzeaz eta herrira zabaltzeaz “gizonek ez dute egingo eta”.
Horretarako sare sozialak oso garrantzitsuak iruditzen zaizkio. “Horri denbora ematea ez duela merezi diote batzuek, baina gaur egun duen garrantzia eta eragina ikusita emakumeok esparru horretan egon behar dugula uste dut”. Eta andren ekarpenak bertara ekartzeko asmoz, Durangoko wikiemakume taldea sendotu nahian dabil. Talde horretan emakumeen biografiak idazten dituzte elkarlanean. Berak 65etik gora sartu ditu sarean orain arte.
“Gai sozialek kezkatzen naute: migranteen arazoek, desjabetzek nik bizi izan nituelako egoera horiek familian”
Andereak talde feministaren lehendakaria ere bada. Elkartearen helburua biolentzia matxistaren kontra borrokatzea da. Pasa den ikasturtean hitzaldiak antolatu zituzten aktualitate handiko gaietan sakontzeko, hala nola, sabelen alokairua, prostituzioa edo maitasun erromantikoa. Oso positibotzat jo du esperientzia hori, batez ere, “konferentzietara jende asko etorri zelako eta ondoren eztabida sortu zutelako”.
Ongi Etorri Errefuxiatuak taldearen inguruan ere badabil . “Gai sozialek kezkatzen naute: migranteen arazoek, desjabetzeek nik bizi izan nituelako egoera horiek familian”.
Elkarrizketa amaitu bezain laster amarentzako ogia erosten doa denbora galdu barik. Geroago iloba etorriko zaio bazkaltzen. “Lagun batek esan zidan ‘andra sandwincha’ naizela. Telebistan entzun zuela esamolde hori. Amaz eta ilobez arduratzen naizela, ni erdian nagoela esan nahi du”, dio bromatan. Izan ere, oso emakume umoretsua da. Irria ezabatzen dion gauza bakarra injustizia da.