Aborto askea, ziurra eta doakoaren legea zortzigarrenez aurkeztuko da Argentinako Kongresuan gaur, Emakumeen Osasunaren Aldeko Nazioarteko Ekintza-Egunean. Iniziatiba 2018an bota zuten atzera azken aldian. Orduan Kongresuak argi berdea eman eta gero Senatuak arbuiatu egin zuen legea. Feminista argentinarren indarrari esker berraztertuko da egitasmoa. Aktibista horiei babesa emateko ‘marea berdea’ (aldarrikapenaren kolorea) antolatu dute gaur bertan Estatu espainarreko hainbat elkarte feministak. Bilbon Argiberdeak kolektiboak elkarretaratzera deitu du Unamuno plazan 19:00etarako.
Auziak presentzia izan du azken egunotan hedabideetan. Izan ere, Cannes Zinema Jaialdian gai horren inguruko ‘Legea izan dadila’ dokumentala aurkeztu zen eta oso harrera ona lortu zuen. ‘El Pais’en arabera, azaltzen dituen “testigantzak ikaragarriak dira” eta adibide bezala Ana María Acevedoren kasua kontatzen du. Emakume horri masailezurreko minbizia diagnostikatu zioten. Orduan 19 urte eta hiru seme-alaba zituen. Medikuek ez zioten tratamendurik eman haurdun zegoelako. Ez zioten abortatzen utzi. Fetoaren bizitza berarenaren aurretik jarri zuten eta hil egin zen. Dokumentalaren aukezpenean, 50 aktibistak bete zuten Cannesko alfonbra gorria, beraien artean Acevedoren ama zegoen. Juan Solana pelikularen zuzendariaren iritzian, emakume horrek pairatu zuena “tortura krudela da”.
Itzelezko testigantzak
Beste itzelezko testigantza bat Belenena da. Emakume horrek berezko abortoa eduki zuen baina ospitalera heldu zenean ez zekien haurdun zegoenik. Egundoko tripako mina zuelako joan zen bertara. Medikuek hildako fetu bat aurkitu ziotela esan zioten. Nahiz eta umekia ez agertu, giza hilketagatik zazpi urtez kartzelan egotera kondenatu zuten. “Gaur egun ez naiz ospitaletara joaten beldurra ematen didatelako. Min edukiz gero pairatzen dut. Senatariei eta diputatutei gure sufrimenduaz jabetzeko eskatzen diet. Eurek ez dakite zer den hori, zer jasan behar izan nuen nik”, esan zuen malkoen artean.
Abortoa baimenduta dago egun Argentinan soilik bortxaketaren kasuan eta amaren bizitza arriskuan dagoenean. Herrialde horretan 500.000 aborto egiten dira urtean. Emakume pobre bat baino gehiago hiltzen da egunero klandestinitatearen ondorioz. Macri presidentearen politikak pobrezia areagotzen ari dira eta horren ondorioz diskriminazio soziala eta sexista gero eta larriagoa da.
OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, munduan abortorik gehien egiten diren lekua Latinoamerika da. Mundu osoan 25 milioi aborto arriskutsu egiten dituzte urtean, Amerika Latinaz gain, Afrikan eta Asiako erdigunean gehienak.
‘Bat gutxiago ere ez’ eta marea berdea
‘Bat gutxiago ere ez’ bortizkeria matxistaren kontrako kanpainek milaka emakume atera zituen kaleetara, adin desberdinekoak, 2015ean. Horren ondoren, marea berdea, aborto askearen aldeko kanpaina jarri zuten martxan eta izugarrizko jarraipena lortu zuen. Bi ekimen horiek eredutzat jotzen dituzte munduko beste herrialde askotan, Latinoamerikan bereziki.
Gaurko ekimenari begira, feminista argentinarrek itxaropena dute mobilizazio feministen arrakastan, ez bakarrik euren lurraldean, baizik eta nazioarte mailan. Laura Garcíak eta Valentina Gonzalezek zera adierazi zuten Catamarca eskualdetik: “Ez gara isilik egongo. Marea berdeak Catamarca, Argentina eta mundua aldatu zituen 2018ko otsailean. Aborto legala, ziurra eta doakoa aldarrikatu genuenean askatasuna bilatzen ari den ideologia berria azaleratu genuen. Martxa batean inoiz parte hartu ez zuten gazte eta nerabeek arazoaren kontzientzia hartu zuten eta emakumeen ondoan betiko egotea erabaki zuten. Motxiletan eskegita gero eta zapi berde gehiago erakusten zituzten neurrian, apurka-apurka beldurrak eta aurreiritziak gutxiagotu egin ziren”.
Gazte hauek argi daukate “historia egiten ari garela, aurrera goazela elkarrekin errebelio feminista egiten ari garela. Sekulako itxaropenak ditugu: patriarkatua erorarazi nahi dugu, aske izan nahi dugu eta desberdintasunarekin bukatu nahi dugu. Mundu guztiarentzako lekua duen mundu bat nahi dugu eta horretarako abortoa legala izan behar da”, aldarrikatu zuten.