Amorebieta-Etxanoko Udalak jarduera-programa zabala prestatu du azaroaren 25aren harira, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta. Egitaraua azaroan zehar garatuko da udalerriko hainbat gunetan, eta hitzaldiak, mahai-inguruak, kultur jarduerak eta adin guztietako herritarrei zuzendutako proposamenak bilduko ditu. Helburua indarkeria matxistaren adierazpen desberdinen inguruan sentsibilizatzea eta berdintasuna sustatzea da.
Amorebieta-Etxanoko alkate Ainhoa Salterainek nabarmendu duenez, “indarkeria matxistaren aurkako borrokak konpromiso sendoa eta etengabea eskatzen du, azaroaren 25etik harago. Udaletik berdintasuna, prebentzioa eta sentsibilizazioa sustatzeko ekimenak bultzatzen jarraituko dugu, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko udalerria eraikitzea guztion ardura baita”.
Jarduerek hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola indarkeria estetikoa, emakumeen parte-hartze politikoa, indarkeria obstetrikoa, indarkeria digitala eta emakumeen gorputzaren gaineko presio soziala. Horretarako, egitarauak hainbat arlotako profesional eta adituen parte-hartzea izango du, besteak beste, Magdalena Piñeiro, Garazi Albizua, Nuria Varela, Nahia Alkorta eta Toscana Viar.
Egitaraua azaroaren 16an hasiko da, 18:30ean, Zelaieta auditoriumean, Magdalena Piñeirok indarkeria estetikoari buruz eskainiko duen hitzaldiarekin. Azaroaren 17an, Garazi Albizuak literatura eta feminismoari buruzko solasaldian parte hartuko du liburutegian, June Fernándezek aurkeztuta. Azaroaren 19an, Nuria Varelak emakumeen eta politikaren inguruko hitzaldia eskainiko du, eta hilaren 20an, Nahia Alkortak indarkeria obstetrikoa izango du hizpide.
Azaroaren 23an, Zelaieta auditoriumak mahai-ingurua hartuko du emakumeen aurkako indarkeria digitalari buruz. Bertan, Estibaliz Linares, Naiara Nájera, Olatz Martínez de Ibarreta eta Alize Etxeberria izango dira hizlari, Sheila Melcónen gidaritzapean. Hilaren 24an, Toscana Viarrek osasunari eta nutrizioari buruzko hitzaldia eskainiko du, gorputzaren gaineko presio estetikoa ardatz hartuta. Azaroaren 20ko eta 23ko jardueretan gaztelaniazko interpretazio-zerbitzua eskainiko da.
Azaroaren 25ean, elkarretaratzea eta adierazpen instituzionala
Egitarauko ekitaldi nagusia azaroaren 25ean, asteazkenean, izango da, 12:00etan, Herriko plazan. Bertan, elkarretaratzea egingo da eta adierazpen instituzionala irakurriko da, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko.
Egun berean, 17:00etatik 20:00etara, Gaztetxokoak eta Ludotekak leihoak apaintzeko jarduerak eta emakumeen aurkako indarkeriari buruzko sentsibilizazio-dinamikak hartuko dituzte. Ekimen horien bidez, gazteenak ere indarkeriaren aurkako sentsibilizazioan inplikatu nahi dira.
Kultura, jolasak eta adin guztietarako jarduerak
Egitarauak parte hartzeko hainbat proposamen ere jasoko ditu. Azaroaren 21ean eta 22an, frontoian mahai-jokoen jardunaldiak egingo dira. Emakumeek diseinatutako jokoentzako eta joko feministentzako guneak egongo dira, eta generoari lotutako estereotipoak eta agindu sozialak lantzeko sortutako joko bat aurkeztuko da.
Azaroaren 27an, Gaztetxokoak hilekoaren zikloari buruzko jarduera bat eskainiko du, eta 20:00etan, Zornotza Aretoak Histrión Teatro konpainiaren ‘Dysphoria’ antzezlana hartuko du. Hilaren 28an, Gauerok ‘Gau Morea’ ospatuko du, 20:00etatik 22:30era, sexu-ahalduntzeari buruzko jarduerekin, tailerrekin eta sormen-proposamenekin.
Gainera, azaroaren 2tik 27ra ‘En Níger, como en el resto del mundo, Ellas Deciden’ erakusketa bisitatu ahal izango da. Hilabete osoan zehar, Berbalapikon egitarauan parte hartuko duten emakume idazleen liburuak ere egongo dira eskuragarri.
Amorebieta-Etxanoko Udalak berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurkako konpromisoa berresten du ekimen horien bidez. Era berean, elkarte feministek deitutako manifestazio eta ekintza guztiei babesa adierazten die, eta herritarrak horietan parte hartzera gonbidatzen ditu.


