Berrizko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu azaroan zehar, azaroaren 25a dela eta, Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxista Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna. Programak hitzaldiak, antzerkia, zinema, musika eta beste hainbat jarduerak biltzen ditu, indarkeria matxistaren aurrean hausnarketa, sentsibilizazioa eta konpromiso kolektiboa sustatzeko helburuarekin.
Egitaraua azaroaren 4an eta 5ean hasiko da. Azaroaren 4an, 18:30ean, Idurre Eskisabelek eta Lorea Agirrek ‘Euskalgintza eta feminismoa bidaikide’ hitzaldia eskainiko dute Kultur Etxean. Hurrengo egunean, 17:00etan, Irantzu Lekue artistarekin batera, mural komunitario bat diseinatzeko saio parte-hartzailea egingo da. Ekimenak azaroaren 16tik 20ra jarraituko du, muralaren margoketa egingo den egunetan. Aste horretan, azaroaren 6an, ostegunean ‘JO!’ antzerkia egingo da Kultur Etxean, 20:00etan.
Egitarauak azaroaren 17an jarraituko du, astelehenean, Javier Muñoz Morenok eskainiko duen ‘Gizonak, maskulinitatea eta berdintasuna’ hitzaldiarekin. 17:00etan izango da, Kultur Etxean. Azaroaren 22an, larunbatean, berriz, ‘Sacamantecas’ filma proiektatuko da, 19:00etan.
Azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxista Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, Berrizko Udalak herritarrak animatzen ditu udalerrian zein inguruan antolatzen diren deialdi eta mobilizazioetan parte hartzera, berdintasunaren aldeko kompromisoa adierazteko.
Jarduerak hilaren amaierara arte luzatuko dira. Azaroaren 27an, ostegunean, Garazi Esnaolak ‘Ez gaude hemen’ musika-ikuskizuna eskainiko du, 20:00etan. Azkenik, azaroaren 28an, ostiralean, bi proposamen izango dira Kultur Etxean: 12:15ean, Nerea Ariznabarretaren ‘Mamuak eta beste auzokide batzuk’ ipuin-kontaketa, eta 19:00etan, ‘Dysphoria’ antzezlana.
Berrizko Udalak herritarrak animatzen ditu egitarau honetan parte hartzera eta gizarte berdinzaleagoa eta indarkeria matxistarik gabekoa eraikitzeko lanean elkarrekin jarraitzera.


