Berrizek jabekuntza eta berdintasuna sustatzeko jarduera-programa berria jarri du martxan

Berrizko Udalak, Berdintasun Arloaren bitartez, Jabekuntza Ikastaroen edizio berria jarri du martxan. Irailetik abendura bitartean garatuko den programazioak hainbat proposamen biltzen ditu, emakumeen jabekuntzaren, berdintasunaren eta ikuspegi feministaren inguruan.

Programak ikastaroak, tailerrak, erakusketa bat eta hainbat topaketa biltzen ditu, eta gai ezberdinak jorratuko dira, hala nola mindfulnessa eta adimen emozionala, alfabetatzea, istorioen sorkuntza, sendabelarren ezagutza edo maskulinitateen eta berdintasunaren inguruko hausnarketa.

Programazioaren barruan, Miriam Herbónek gaztelaniaz emango duen Emakume jakintsuak ikastaroa ere eskainiko da. Bertan, mindfulnessa eta adimen emozionala ikuspegi feministatik landuko dira. Ikastaroa Kultur Etxean egingo da, irailetik abendura, hilean bitan, 16:30etik 19:00etara.

Era berean, Alfabetatze eta ahalduntze ikastaroa ere berriro jarriko da martxan, Miriam Caroren eskutik, emakume migratuei zuzenduta. Ekimenaren helburua gaztelaniaz irakurtzen eta idazten ikasteko espazio bat eskaintzea da, baita euskarara hurbiltzea ere. Saioak urritik urtarrilera egingo dira, astelehen eta asteazkenetan, 10:00etatik 12:00etara.

Programazioaren barruan Rol feminista tailerra ere izango da, Soraya Domínguez Del Valle-ren eskutik,azaroaren 9an, 17:00etatik 20:00etara, Kultur Etxean. Kontakizun partekatuaren, pertsonaien interpretazioaren eta istorioen eraikuntzaren bidez, boterea, zaintzak, identitateak, gorputzak eta erresistentziak bezalako gaiak landuko dira, ikuspegi feminista eta intersekzionaletik. Jarduera 16 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago, eta aldez aurretik izena eman beharko da.

Halaber, sendabelarren inguruko ezagutza lantzeko, Emakumeak eta sendabelarrak plazara ekimenaren antolatu da, Mentxu Amunategik gidatuta. Hiru saio eskainiko dira, jarabe eta infusioen, ukendu eta kremen, eta kosmetika eta higiene pertsonaleko produktuen inguruan.

Gainera, Kultur Etxean Emakumeak zientzian erakusketa ikusteko aukera izango da, irailaren 28tik urriaren 14ra ikusgai egongo dena, doako sarrerarekin.

Azaroaren 17an, 17:00etan, Gizonak, maskulinitateak eta berdintasuna egingo da Kultur Etxeko aretoan. Gizonei zuzendutako jarduera izango da, eta saioa Javier Muñoz Morenok emango du, Emakundeko Gizonduz programako Idazkaritza Teknikoko kideak.

Programari amaiera emateko, abenduaren 16an, 17:00etan, urte amaierako topaketa eta merendola egingo da Olakueta Etxean.

Programazio honen barruan antolatutako prestakuntza-jarduera guztiak doakoak dira. Jarduera guztietan izen-ematea beharrezkoa izango da, Gizonak, maskulinitatea eta berdintasuna saioan izan ezik. Izen-ematea beharrezkoda den kasuetan, izen-ematea ikastaro edo jarduera bakoitza hasi aurreko egunera arte egin ahal izango da.