Musuak ematea zein jasotzea gustuko dut, horregatik, agian, beti izan dut gogoko Musua (Der Kuss, El beso) izeneko margolana.
Egilea seguru asko denok ezagutuko duzue, edo behintzat ezaguna egingo zaizue haren izena, Gustav Klimt, baina, nor ote da obra horretan agertzen den bikotea?
Hona hemen aurkitu ditudan datuak: Aditu batzuen ustez, Musua margolan ospetsuan, Klimtek Emilie Flögerekin batera irudikatu zuen bere burua.
Emilie Flöge (Viena, Austria, 1874–1952) moda diseinatzailea eta enpresaburua izan zen, Vienako eta XIX. mende amaierako gizarteko emakume liluragarria, Gustav Klimt margolariaren bikotekidea.
Emilie 1895ean hasi zen josten Pauline bere ahizpa nagusiarekin. 1899an, ahizpek josteko lehiaketa irabazi zuten eta erakusketa baterako batista soineko bat egiteko eskaera onartu zuten.
Geroago, Emilie moda diseinatzaile bihurtu zen eta 1904an hasi zen arrakasta lortzen negozio-emakume gisa, Vienako goi-mailako joskintza-apaindegia ireki zuenean, hiriko merkataritza kale garrantzitsuenetako batean.
Londresera eta Parisera egindako bidaietan, modako azken joeren berri jasotzen zuen. Eskaera handieneko aldietan laurogei jostun izatera iritsi zen.
1938an Anschluss-en ondoren (Alemania naziak egindako Austriaren anexioa) Flöge-k bezero nagusiak galdu egin zituen eta bere joskintza-apaindegia itxi egin behar izan zuen, behin Vienako modaren topaleku ezinbestekoa izana.
1938tik aurrera Ungargasse 39. zenbakiko azken solairuan kokatutako etxetik lan egin zuen. Bigarren Mundu Gerraren azken egunetan, suak, Flögeren arropa bilduma ez ezik, Klimten herentziatik zetozkion gainerako objektu baliotsuak ere suntsitu egin zituen (berak jaso zituen margolariaren ondasunen erdiak Gustav 1918an hil ondoren).
2006an Raoul Ruiz-en Klimt filma estreinatu zen, non Veronica Ferresek Emilie Flöge eta John Malkovichek margolaria interpretatu zuten.
77 urterekin hil zen Emilie moda diseinatzaile iraultzailea, musua margolaneko larrosa ezkutua.
Iturria: Wikipedia.



