Azaroaren 25a aldarrikatzeko zinema, antzerkia, ikastaroak eta hausnarketa Berrizen

Berrizko Udalak egitarau zabala eta anitza prestatu du azaroaren 25erako, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunerako.

Programazioa azaroaren 19an hasiko da, Ehuleak prestakuntza saioarekin, “Indarkeria arrazista egunerokotasunean, mitoetan, buloetan eta aurreiritzietan” izenburupean, Olakueta Etxean, 17:00etatik 18:30era, Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sarearen eskutik, gaztelaniaz. Azaroaren 20an, Kultur Etxean, 19:00etan, ‘Hemen bai borroka egiten da’ film laburraren proiekzioa izango da, eta ondoren solasaldia Euskal Fondoa eta El Salvadorreko Tokiko Garapenerako Kolektibo Feministarekin (CFDL).

Progamazioak azaroaren 23an jarraituko du “Acosadas” filmaren proiekzioarekin 19:00etan Kultur Etxean. Azaroaren 26an, Kultur Etxean ere, “For Sama” dokumentala ikusi ahal izango da, jatorrizko bertsioan, euskarazko azpitituluekin, arratsaldeko 18:30ean, doako sarrerarekin.

Esparru eszenikoak protagonismoa izango du azaroaren 29an, goizean “Ipuinetatik jabekuntzarantz” ipuin kontalaria saio batekin abiatuko dena, 12:15ean Kultur Etxean eta euskaraz, eta arratsaldean “AMAK” antzezlana antzeztuko da Kultur Etxean, arratsaldeko 19:00etan, Txalo Produkzioak taldearen eskutik, Lan honek umorez eta tentsioz aurkezten du lau emakumeren arteko “mugarik gabeko terapia”, amatasunaren alde onak eta txarrak azaleratzen dituena.

Hurrengo egunean, hilak 30, 12:00etan, “Bihotz museo bat” bertso saioa izango da Kultur Etxean, hau ere euskaraz. Egitaraua abenduaren 13an itxiko da, Las Couchersek (Elena Donzel eta Mari Marcos) antzeztutako “Las conferencias del azucarillo” clown ikuskizunarekin, gaztelaniaz, 19:00etan.

Azaroaren 25eko aldarrikapen ekitaldiak

Azaroak 25a izango da programazioaren egun nagusia. Egunean zehar, mugimendu feministak A25a dela-eta antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egingo du. Aldi berean, udalerriko ikastetxeek eskolako sentsibilizazio-jarduerak egingo dituzte, institutuko hezkidetza-taldeak eta eskolako talde moreak koordinatuta, eta hezkuntza-esparruak berdintasunarekiko duen konpromisoa indartuko dute. Egun horretan bertan, Ehuleak topaketetan sortutako ehuna jarriko da espazio publikoan, udalerriko emakumeen batasuna eta talde-lana agerian uzten duen keinu sinboliko gisa.

Azaroak 25eko arratsaldea bereziki haurrei eta nerabeei zuzenduta egongo da. Bi tailer izango dira Kultur Etxe zaharrean: bata, zigiluak zizelkatu eta estanpatzekoa, 17:00etatik 19:30era, 8 urtetik gorakoentzat; eta bestea, plastiko magikozkoa (pinak, giltzatakoak eta imanak sortzeko), 17:30etik 19:00etara, 12 urtetik gorako gazteentzat. Bi kasuetan ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, edukiera mugatua delako. Karteleko QRen bidez egin ahal izango da, eta honako esteka hauetan: Nerabeak eta haurre​ntzat.

Programazio honekin, Berrizko Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu modu aktiboan parte hartzera, indarkeria matxisten amaiera aldarrikatzera eta elkarrekin aurrera egitera udalerri berdinzaleago, seguruago eta bizikidetzarekin konprometituago baterantz.​