Eusko Jaurlaritzak Euskadi Literatura Sarietako aurtengo lehenengo hiru irabazleak iragarri ditu. Euskarazko Literatura atalean, Arantxa Urretabizkaiak eskuratu du ‘Azken Etxea’ lanagatik. Bizitzaren azken urteak bertan pasatzeko etxe bat erosi eta eraberritzeko asmotan dabilen emakume baten istorioa islatzen du eleberriak.
Epaimahaiak Urretabizkaiaren obrak “eskaintzen dituen ezaugarri formal eta hautu estetiko bereziak” azpimarratu ditu, baita “ikuspegi zein planteamendu narratiboan harturiko arriskuak ere”. Josu Jimenezek, Idoia Carramiñanak, Ane Zapaterok, Ane Labakak eta Mikel Aierbek osatu dute epaimahaia.