Euskadiko Filmategiak ‘Euskal Emakume Zinemagileak’ zikloaren hirugarren edizioarekin hasiko du ikasturtea, eta hamar film proiektatuko ditu Gasteizen (Artium Museoa) eta Donostian (Tabakalera) urria eta abendua bitartean.
70eko hamarkadaren hasieran jaiotako emakumeek egindako euskal zinemaren historian barrena eginiko errepasoaren helburua zuzendari horien talentua eta lanak nabarmentzea da. Egileek beraiek aurkeztuko dituzte beren lanak ia emanaldi guztietan.
Zinemaldian estreinatu zen ‘Arnasa betean’ (2023) lanak emango dio hasiera programazioari. Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufiak zuzendutako dokumentalak emakumeek egindako zinemaren iraganari eta orainari buruzko ikuspegi panoramikoa eskaintzen du. ‘El sueño de la sultana’ (2023), Isabel Hergueraren lehen film luzea, Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko Sail Ofizialean lehiatu den animaziozko zinta ederra da, eta benetako gozamena zentzumenentzat.
Era berean, ‘Matrioskas. Las niñas de la guerra’ (Helena Bengoetxea, 2021) filmak gerrako ume izan ziren emakume batzuen erretratu benetan humano eta bizitzaz beterikoa erakutsiko digu. Bestalde, Estela Ilárraz Madrilen bizitza hobe baten bila dabiltzan ekuadortarrarengana hurbilduko da ‘Proxima estación’ (2007) lanean. Horretaz gain, Jone Karresek begirada berdintasunaren aldeko borrokan jartzea proposatuko digu Hondarribia eta Irungo festak hizpide dituen ‘Alardearen seme-alabak’ (Eneko Olasagastirekin batera zuzendua) lanean.
Mirentxu Loyarte, euskal zinemaren aitzindaria
‘My Way Out’-ek (Izaskun Arandia, 2022) Londresera eramango gaitu dokumentalari izena ematen dion aretoaren 30. urteurrena ospatzeko. Lokal hartan, hain zuzen, hiriko trans komunitateak babestu eta askatasunez adierazteko aukera izan zuen. Iurre Telleria eta Enara Goikoetxea Comète sareak Bigarren Mundu Gerran egindako lanera hurbilduko dira ‘Azken bidaia’ (2011) luzean. Eta ‘Pelota II’ (2015) filmean, Olatz Gonzalez de Abrisketa zinemagile eta antropologoak (Jørgen Leth danimarkarrarekin batera) pilota partidetako materialaren aukeraketan jarriko du arreta; kirolaren zati zinez ezezaguna.
Azkenik, ‘Euskal Emakume Zinemagileak III’ zikloari amaiera emateko, ‘Irrintziaren oihartzunak’ (Iratxe Fresneda, 2016) filma eskainiko da. Lanak Mirentxu Loyarte, euskal zinemaren aitzindarietako bat, aldarrikatzea du helburu. Bestalde, Leire Apellanizek udako zinemetako azken abenturazaleetako bati buruz hitz egingo digu ‘El último verano’ (2016) filmean.
Bilboko Arte Ederren Museoko proiekzioak bertan behera geratuko dira aldi baterako, Bizkaiko pinakotekako berritze lanak direla eta.