Alarma NBEk talibanen erregimena onartzeko aukeraren aurrean

Afganistango emakume liderrek NBEri eta estatu kideei eskatu diete “tinko” jarrai dezatela talibanak agintari ofizial gisa ez onartzeko konpromisoan. Amina Mohammed Nazio Batuetako idazkariorde nagusiak Afganistango erregimenari nazioarteko abal hori emateko aukera aipatu ondoren iritsi da eskaria.

‘Ms. Magazine’ aldizkariaren arabera, emakume afganiarrek argi utzi dute gutun batean beraien eskubideak ez direla negoziatzen. “Ez da baldintzarik gabeko konpromisorik egongo giza eskubideen eta emakumeen eskubideen errespetua paperean eta ekintzan bermatuta egon arte” aldarrikatu dute.

Talibanek boterea indarrez hartu zuten 2021eko abuztuaren 15ean, eta, itzuli zirenetik, sistematikoki urratu dituzte Afganistango emakumeen eta nesken giza eskubideak.

Sinesgarritasuna

Inposatutako terrorearen erregimenak nazioarteko legeak larriki urratu  ditu, emakumeak bizitza publikotik ezabatu dituzte eta  hezkuntza eta enplegurako sarbidea mugatu diete. Gainera, talibanek NBEri agindu zioten langile afganiarrak bulegoetatik kentzeko. Emakume afganiarrek azpimarratzen dute erregimenaren onarpena “talde bortitz bat saritzea” izango litzatekeela.

Halaber, NBEko idazkari nagusiordeari eta beste funtzionario batzuei gogorarazi diete NBEk berak gaitzetsi dituela talibanek Afganistango emakumeen eta nesken aurka egindako bortxaketak, eta horren arabera ez jokatzeak erakundearen sinesgarritasuna ahulduko lukeela.