AZAROAREN 15a ARTE 
Koldo Mitxelena XVI. Ikerketa Beka

Errenteriako Udalak, UEUrekin (Udako Euskal Unibertsitatea) hirugarren aldiz lankidetzan, Koldo Mitxelena Ikerketa Bekaren XVI. edizioa deitu du, 2018ko deialdian berritutako helburuei eutsiz: euskarazko ikerketa sustatzea, emakumeek egindako ikerketa bultzatzea, Errenteriako udalerriari buruzko ezagutza areagotzea eta bekaren izena daraman filologoa omentzea.

Ikergai zehatza deialdi bakoitzean erabakitzen da, beti ere giza- eta gizarte-zientzien alorrean, eta 2022ko deialdian honako hau izango da: LGTBI+. Sigla horiek izendatzen dute lesbianek, gayek, transgeneroek, transexualek, bisexualek, intersexualek, queer-ek eta +ean sartutako gainerako identitate eta orientazioek osatzen duten kolektiboa.

Ikergaia izenburu zehatz eta aldi berean zabal horrekin definitzean, bidea zabalik utzi nahi da LGTBI+ pertsonentzat edo/eta LGTBI+ mugimenduarentzat interesgarri izan daitekeen giza- eta gizarte-zientzietako edozein ikuspegitatik egiteko ekarpena.

Deialdi honetan, gaia mugatzeko modalitatea finkatzen den bezala, emandako bekaren zenbatekoaren gehikuntzari eusten zaio (15.000 €), bai eta haren gehieneko iraupenari ere, 2018an 18 hilabetera arte luzatu zena.

Beka pertsona fisikoek eskatu ahal izango dute, banaka edo taldean (nortasun juridikorik gabeko pertsona fisikoen taldea) baldin eta ikerketa proiektu originalak eta argitaratu gabeak aurkezten badituzte, ez osorik ez zati batean.

Eskaerak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea 2022ko azaroaren 15a arte egongo da zabalik, hori ere barne.

Informazio gehigarria (oinarriak, eskaera orria, etab.) www.errenteria.eus webgunean, ZU! Zure Udala zerbitzuan (Errenteriako Udala, beheko solairuan, 010 / 943 449 600 telefono zenbakiak) edo eta Udal Artxiboan (artxiboa@errenteria.eus) eskura daiteke.