Iruzurgilearen sindromea (emakume izateagatik adimen gutxiagokoa sentitzea), amatasunagatik karrera bertan behera uztea, merituak lapurtzea… Horrek guztiak ez du eragotzi Jocelyn Bell Burnell astronomoaren, “pulsar”- a (neutroi-izarrak) aurkitzailaren distira zientziaren eremuan.
Astrofisika irlandarra honoris causa doktore izendatuko du bihar Euskal Herriko Unibertsitateak, Fernando Plazaola Zientzia eta Teknologia fakultateko dekanoak joan den igandean ‘Berrian’ argitaratutako artikulu batean iragarri zuenez. Euskal Unibertsitatea eta Donostia International Physics Centerekin ere kolaboratu du ikertzaile ospetsuak.
Bell Burnell kontziente da emakumeek oztopoak dituztela, orain ere, Fisikan aritzeko, batez ere migratzaile edo kultura minorizatuetakoak badira. Horregatik sariek eman dioten diruaren zati bat eurei bekak emateko erabili du. Berak ere barne eta kanpoko oztopo askori aurre egin behar izan zion bere ibilbidean zehar.
Emakume bakarra gelan
Belfasten jaio zen 1943an. Glasgowko unibertsitatean hasi zen Fisika ikasten eta bere gelako emakume bakarra zen. Geroago Cambrigdera joan zen doktoretza egitera. Bertan Antony Hewishen zuzendaritzapean quasarrak (bere bizitzaren amaieran energia kantitate izugarriak sortzen dituzten izar urrunak ) detektatzen lan egin zuen.
Horretarako berak oso potentea zen doitasun-teleskopio bat egin zuen. Egunero erregistratutako datuen 30 metro paper inguru aztertzen zituen. Noizbehinka seinale deigarriak sumatzen zituen. Atentzioa eman zion leku berean zirela eta abiadura bera zekartela agertzen zirenean.
Kontaktua estralurrekin
Garai hartan -hirurogeiko hamarkadan- estralurtarrekin kontaktua espero zen. Tesiaren zuzendariak ‘gizontxo berdeek’ igorritako seinalea izan zitekeela pentsatu zuen eta arbuiatu zuen fenomenoa. Baina Bellek ikertzen jarraitu zuen eta beste kide batek ere seinale berdinak detektatu zituela jakin zuen.
Azkenean, Hewishek ontzat eman zuen aurkikuntza eta Jocelyn Bell eta beste bi lankiderekin batera argitaratu zuen ‘Azkar sakatzen duen irrati iturri baten behaketa’, 1968ko otsailean, ‘Nature’ aldizkarian. Aurkikuntzari pulsar deitu zioten.
1974an Antony Hewishek eta Martin Rylek, teleskopioaren zuzendariak, Fisika Nobel saria jaso zuten, “pulsarren aurkikutzan zeregin erabakigarriarengatik”. Ez zen Jocelyn Bellen ekarpena aipatu.
Justizia poetikoa
Ezkondu zenean lana utzi zuen. Garai hartan ez zegoen ondo ikusita emakumeek lanean jarrai zezatela familia izatean, senarrak ez zuela behar beste irabazten eta seme-alabak delinkuente bihurtzen zirela uste zelako.
Handik urte batzuetara, ikerlari gisa jarraitu zuen lanaldi erdiz hainbat ikerketa eta proiektutan eta bere ospea handitzen joan zen. Sari batzuk ere jaso zituen. Garrantzitsuena, 2018an, Breakthrough Prize. Nobel sariaren diru-kopurua bikoiztu zuen eta 3 milioi dolar ematen du. Horietako 2,5 milioi gutxiengo etnikoetako emakumeei eta errefuxiatuei fisikako ikertzaile izaten laguntzeko bideratu du.
Justizia poetikoa. Nahiz eta berandu, azkenean bere talentuak eta eskuzabaltasunak merezi duten lekua hartu dute.