Pandemiaren murrizketen ondoren, aurtengo Aste Nagusia martxan dago eta konpartsak dena prestatzen ari dira jaiak alaitsuak eta parte hartzaileak izan daitezen. 1979tik Feministon erreferentzia izandako Mamiki konpartsak ez du txosna zabalduko “hauspo nahikorik” ez dagoelako.
Hala adierazi dute konpartsakideek komunikatu batean. Diotenez, bost urteko prozesu baten berri eman ondoren, joan den maiatzaren 20ko batzarrean parte hartu zuten emakumeek Mamiki “proiektuari agur esateko atarian” daudela onartu zuten.
Arrazoiak: talde eragilean gutxi direla, ez dutela “denera iristeko indarrik” eta ez dagoela erantzunik guk gure “mamiki-unibertsoa” deitzen diotenaren aldetik adierazi dute. Hau da, “jarraitzeko egiturazko zailtasunak” dituztela azaldu dute, “konpartsak berekin dakarren jarduera guztia dinamizatzeko eta artatzeko errelebo konprometituaren faltgatik, besteak beste”.
‘Mamiki berria’
Hartutako erabakiarekin ados ez dagoen beste emakume talde batek konpartsarekin jarraitzeko eta “guretzat gune seguru hau izan dena berrantolatzeko” asmoa adierazi du. ‘Mamiki berria’ izena hartu dute eta beste manifestu bat atera dute galdetegi batekin batera, non sinatzaleei konpromiso maila desberdinak eskatzen dizkieten. “Gaurko ikuspegi berri, ireki eta anitzetik abiatu nahi dugu gu guztion onurarako” argitu dute.
Mamiki batzordeak zera dio ekimenari buruz: “Azken egunotan balizko itxieraren albisteek ematen dute eragin dutela etorkizunari beste modu batera begiratu nahi dioten emakumeek ‘ekintza’ batzuk proposatzea. Guk ez ditugu ekintza horiek partekatzen ez formetan, ezta edukian ere. Ez dute zerikusirik sororitatearekin edota Mamikik aldarrikatzen dugun praktika feministarekin. Hala ere, ekintza horiek modu eraikitzailean eta barne mailan baloratu eta konpondu behar ditugulakoan gaude”.
Mamiki Bizkaiko Emakumeen Asanbladak 1979tik eusten dion proiektua da, Aste Nagusiari eta jai ereduari ludikotasunetik ikuspegi feminista emateko. Txosna errespetuz berdinen arteko espazio kolektibo feminista, politizatu eta antolatu batean parte hartzera ausartzen den edozein emakumerentzako izan da.
Konpartsakideen iritziz, “Mamikiko kide izatera eta hura konpromisotik eta gozamenetik bizitzera animatzea etengabeko ahalegina” egin dute ibilbide osoan. Era berean, “Aste Nagusiari begira ez ezik, urte osoan zehar emakumeak konpartsara erakartzeko formulak” ere saiatu dira.