Zinegoak, Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia otsailaren 28tik martxoaren 7ra egingo da eta sexu eta genero aniztasuna Bilboko hainbat kultur gunetara eramango du. Aurtengo edizioak norbere burua etiketarik gabe erakusteko, berrizendatzeko eta identifikatzeko beharra aldarrikatuko du.
Aurtengo irudia lesbianismoa eta sexu-aniztasuna euskaraz izendatzeko moduei erreferentzia egiten dieten hainbat kartelek osatuko dute, ‘Marioker’, ‘Lumatza’, ‘Soropila’, ‘Kapaza’ edo ‘Kuir’ bezalako hitzak erabili dituzte.
Kontzeptu horiek June Fernandezek eta Amaia Alvarez Uriak sortutako eta Zinegoak-ek bultzatutako ‘Nola izan/esan bollera euskaraz’ proiektuan bildu dira. Proiektu horretan, Euskal Herria osoan bildutako hainbat hitz dituen hiztegi bat egin da, eta, besteak beste, Itxaro Bordak, Eli Pagolak, Danele Sarriugartek eta Ainara Artetxek parte hartu dute.
Sexu-aniztasuna
Hiztegi horretan, Euskal Herriko hainbat eremutan lesbianismoari edo sexu-aniztasunari buruz hitz egiteko erabili izan diren hitzak agertzen dira. Beste hitz batzuk, aldiz, hitz-jokoen bidez sortu dira. Antolatzaileek diotenez, Zinegoak-eko kartelek geure burua nahi dugun moduan izendatzeko eskubidea dugula aldarrikatuko dute, inposatutako etiketarik gabe, “izanak egiten baitu izena”.
Kartelak Lander Telletxeak diseinatu ditu. Jaialdiarekin lotura estua du diseinatzaileak, katalogoaren eta irudiaren azken edizioetako egilea baita.
Zinegoak-ek ohiko egiturari eutsiko dio, Bilboko hainbat aretotan proiekzioak eginez, sexu- eta genero-aniztasunari ikusgarritasuna emateko. Jaialdiko jarduera guztiak unean indarrean dauden osasun-neurriei egokituta egingo dira.