IRAILAREN 5A ARTE | BILBO 
35 emakume artistaren 43 artelan biltzen ditu ‘Womanology’ erakusketa Bilbon

Bilboko Arte Ederretako Museoan  emakume artisten lanez soilik osatutako ‘Womanology’ erakusketa dago ikusgai irailaren 5a arte.

José Ramón Prieto bilbotarraren bilduma da, bere esperientziekin eta gustu pertsonalarekin zerikusia duten artistak eta lanak osatutakoa.

Hala aitortzen du museoak erakusketarako argitaratutako katalogoaren hitzaurrean: “Artearen munduan hasi nintzenean aditua ez banintzen ere, orduan ere neure buruari galdetzen nion zergatik, kultura, zientzia eta politikaren arlo guztietan hainbeste emakume bikain zeudela jakinda, errealitate hori ez zen modu biribilagoan islatzen arte plastikoetan edo musikan. Nola zitekeen XX. mendean emakume artisten presentzia oraindik hain isildua egotea, gaitasun, prestakuntza, inspirazio eta talentu guztia izanda?”.

José Ramón Prietok museoari erakusketa honetarako artelanak uzteaz gain, Dora Salazarren ‘Tejer II’ obra eman zion duela hilabete batzuk. Obra 2001ekoa da, eta 32. aretoan dago ikusgai.

Ezinbesteko izenak

Arte Ederretako museotik azaldu dutenez, instituzioak azken urteotan artista emakumeen lanari eman dion arreta gero eta handiagoaren emaitza ere bada erakusketa. ‘Emakume inpresionistak’ (2001) eta ‘Kiss Kiss Bang Bang’ (2007) erakusketa aitzindariak denboran hurbil dauden beste ekimen batzuen aurrekaria dira, besteak beste, bilduman artista emakume gehiago azaldu nahi duen ‘Emak’ programarena.

‘Womanology’k eskuarki ‘outsiderak’ erretratatzen dituen Lynette Yiadom-Boakyeren izen bereko pinturatik hartu du titulua. Benetakoak diren arren errealetik at kokatzen diren pertsonaiak dira, alegia, historian barrena emakumeei askotan gertatu zaiena. Ángela Molina filologoak katalogoan jasotzen duen bezala, bilduman nagusi dira “txikitzen eta mugatzen dituen herentzia kulturalarekiko deserosotasuna disimulatzen ez duten artisten lanak”.

Erakusketak Prietoren bilduma ia osoa hartzen du (35 artistaren 43 artelan), eta nazioarteko eta bertako arte-eszenako ezinbesteko izenak biltzen ditu, hala nola Marina Abramović, Ana Laura Aláez, Louise Bourgeois, Carmen Calvo, Ángela de la Cruz, Tracey Emin, Jenny Holzer, Donna Huanca, Cristina Iglesias, Barbara Kruger, Elizabeth Peyton, Dora Salazar, Monika Sosnowska, Tatiana Trouvé, Azucena Vieites eta Kara Walker.