Emakundek bultzatutako azterlan batek emakume adiktoek errekuperaziorako gizonik gabeko talde terapeutikoak eta genero perspektiba duten profesionalak eskatzen dituztela erakusten du. Izan ere, elkarrizketatutako emakumeen erdia taldea uzteko zorian egon da zenbait partaideren jarrera matxistengatik.
Ikerketa Nagore Orozek, Yolanda Cerverok eta Iosu Martinezek egin dute, eta, urtebetez, mendekotasun desberdinak dituzten 127 emakume eta haiekin zuzenean lan egiten duten profesionalak elkarrizketatu dituzte. Izenburua da ‘Aurkitzen al dute emakumeek oztoporik adikzioak tratatzeko baliabideetan sartzeko eta mantentzeko? Egungo egoeraren azterketa’.
Emakumeek tratamendua jarraitzearen edo bertan behera uztearen alde egiten duten arrazoietan sakondu du ikerketak. Emakundek prentsa ohar batean informatu duenez, ahaldunduago sentitzea edo osasuna hobetzea dira jarraitzeko eta amaitzeko arrazoi nagusiak. Hala ere, emakumeen erdiek aitortzen dute uzteko gogoa sentitu dutela, batez ere maskulinoa den talde bateko bizikidetzarekin zerikusia duten faktoreengatik, konfiantza faltagatik, eta askotan jarrera matxistengatik.
Eskaerak eta oztopoak
Genero-indarkeriako egoeretarako laguntza juridikoa eta psikologikoa eta emakumeekin soilik osatutako eta genero-ikuspegiarekin landutako taldeen eskaria dira azterlanean parte hartzen dutenek egiten dituzten eskarietako batzuk.
Profesionalen esperientziei dagokienez, kontsultatutako kolektiboaren erdiak baino gehiagok onartzen du emakumeek, hala izateagatik, zailtasunak dituztela adikzioen aurrean tratamendu edo baliabideak eskuratzeko. Eta oztopo objektiborik ez dagoela dioten arren, oztopoak genero-rol tradizionalei lotuta daudela: beste pertsona batzuen zaintzari edo estigma sozialari lehentasuna ematea, adibidez.
Emakundeko zuzendariaren iritziz, “osasun eremuan, beste eremu guztietan bezala, oso garrantzitsua da genero ikuspegia kontuan izatea, baita adikzioen tratamenduetan ere, ez bakarrik emakume eta gizonen gorputzak ez direlako berdinak, horrekin batera ditugun lan eta bizi baldintzak, gure gain dauden agindu sozialak… ez direlako berdinak, eta ondorioz, izan ditzakegun arriskuak eta gaixotasunak ere ezberdinak izan daitezke, edo modu ezberdinetan bizi ditzakegu”, esan zuen Izaskun Landaidak.
Hobetzeko proposamenak
Tratamenduetarako sarbidea errazteko ikertzaileek ikuspegi feminista duten komunikazio-kanpainetan lan egitea, detekzio-protokoloak diseinatzea eta generoari buruzko prestakuntza zabala duten profesionalak izatea proposatzen dute.
Halaber, emakumeek tratamenduekiko duten atxikimendua hobetzeko proposamenak ere egiten dituzte egileek, hala nola, elkarrizketa errazteko emakume-taldeak ezartzea, generoarekin zerikusia duten alderdietan gizonekin lan egitea eta familia tratamenduan zehar integratzea.