Hamazazpi ikastolek Txikipedia edukiz hornitzeko erronkari helduko diote eta 250 biografia sortuko dituzte, bereziki emakume eta emakume zientzialarienak, otsail eta martxoa bitartean.
Ikastolen Elkartearen eta Euskal Wikilarien Elkartearen arteko lankidetza da hizkuntza gutxituek, eta horien artean euskarak, testuinguru digitaletan presentzia handitzeko. Prentsa ohar batean azaldu dutenez, sarean nabigatzeko hizkuntza ohituretan ere eragin nahi dute, askotan nahi den hori euskaraz bilatzeko zailtasunak izaten baitira.
Arrakala izugarria
Bestalde, sarean oro har eta Wikipedia/Txikipedian zehazki, gizonezkoei eta emakumezkoei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala izugarria dela konturatu dira. Abiapuntu horretatik ekin diote aipatutako hamalau ikastola horietako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleek sarrera berrien sorkuntzari.
Proiektu parte hartzailea jorratu nahi izan dute Ikastolen Elkarteak eta Euskal Wikilarien Elkarteak. “Nik, zuk, guk… 250 bai?” proiektuaren bitartez, helburu hauek lortu nahi dira:
- Euskal komunitateko kide bezala euskarak sarean bizi duen egoera ezagutzea, arazoaz sentsibilizatzea eta egoera aldatzeko ezinbesteko eragile izatea.
- Sarean, oro har, eta Txikipedian, zehazki, euskarazko artikuluen presentzia areagotzea.
- Gizon eta emakumeei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala ezagutzea, gaiaz sentsibilizatzea eta egoera aldatzeko ezinbesteko eragile izatea.
- Konpetentzia digitala lantzea.
Ekimenaren bultzatzaileek diotenez, “ez dira otsaila eta martxoa ausaz aukeratu erronka honi ekiteko. Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna da, eta otsailaren 11n, berriz, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna. Bi data esanguratsu horietan sortu nahi dira emakumezkoen biografiak Txikipedian, tokian tokiko emakumeei edo Euskal Herriko emakumeei ikusgarritasuna emanez. Halaber, aukera eskaintzen da pertsonetan oinarritu gabe herriko txoko, eraikin edo bestelako gaien gaineko artikuluak ere sortzeko.
Hiru fase
Proiektua hiru fasetan banatuko da: erronkaren aurkezpena, biografiak sortze prozesua eta argitarapena. Martxoaren 8an, proiektuaren jarraipena egingo da eta komunikazioa plazaratuko da.
Hauek dira ekimenean parte hartuko duten ikastolak: Aita Larramendi (Andoain), Andra Mari (Etxarri Aranatz), Armentia (Gasteiz), Asti Leku (Portugalete), Betiko (Leioa), Elgoibar ikastola (Elgoibar), Ikasberri (Azpeitia), Iñigo Aritza (Altsasu), Laskorain (Tolosa), Lautada (Agurain), Lizarra ikastola (Lizarra), Orereta (Errenteria), Paz de Ziganda (Atarrabia), Txintxirri (Elorrio), Urretxindorra (Bilbo), Uzturpe (Ibarra), Xalbador Kolegioa (Kanbo)