Amaia Perez Orozko Ekonomia Aplikatuko irakasleak Espainiako Diputatuen Kongresuan bizitza erdigunean jartzeko bidea aurkeztu zuen duela egun batzuk. Mugimendu feministaren izenean bi motako ekintzak proposatu zituen: epe laburrera ezartzeko berehalako ekintzak eta epe luzeagorako eztabaidatzeko eta garatzeko proposamenak.
Beste era batera esanda, bizi dugun krisialdirako bi irtenbide seinalatu zituen baina helburu bakarra: egungo “ekoizpen-eredu jasanezinetik” ateratzea “erreproduzigarria, jasangarria, bizitza kolektiboaren zaintza ardatz izango duen eredu batera” igarotzeko.
Azaldu zuenez, indarrean dagoen sistema “bidegabe banatuta eta ikusezinak diren zaintzetan” oinarrituta dago.
Zer dira zaintzak?
Hitzaldia hasi bezain laster zaintzaz hitz egiten denean zertaz ari garen zehaztu zuen: “pixoihal bat aldatzeaz ari gara, bere kabuz ezin duen adineko pertsona bati jaten emateaz, arnasgailu bat jartzeaz, baina baita etxean sukarra hartzeaz ere”.
Horretaz gain, “gure ingurukoei zer moduz dauden galdetzeaz edo galdetzeko deitzeaz ere ari gara. Norebere arropa edo etxea garbitzeaz ari gara, denborarik ez duen edo denborarik ez duela dioen exekutibo baten arropa edo etxea garbitzeaz. Jan ditzakegun elikagaiak lantzeaz. Supermerkatuan alde batetik bestera eskaintzen bila aritzeaz. Gasaren ordainketarako iristen ez zaigunean energia beharrak asetzeaz. Arropa ehundu edo konpontzeaz ari gara, edo etxean maskarak egiteaz, fabrikek ezin dutelako”.
Hori da emakumeek etxean egunero egiten dutena, ordain-saririk jaso gabe edo (garbitzaileek eta zaintzaleek) egoera prekarioetan. Zaintza eta garbiketa zerbitzu publikoak ere badaude, baina askotan negozio moduan kudeatuta eta langileak -emakumeak ia gehienak- txarto ordainduta.
Ez hori bakarrik, zaintzak “fluxu asimetrikoen inguruan” antolatzen dira, “emakumeetatik gizonetara, klase xumeetatik klase ertain eta altuetara, populazio immigratutik autoktonora, Hegoalde Globaletik Iparralde Globalera”.
«Proposamen zehatz bat zera da: “berehala hasita”, 20 edo 25 orduko asteko lanaldia soldata murriztu gabe»
Hegoalde Globaleko klase herrikoietako emakumeek jasaten dituzte lan-baldintza okerrenak. Etxeetan garbiketez eta zaintzez arduratzen diren andrak dira.
Feminismotik proposatzen diren neurriek langile horien eta ekonomia formalean ari diren emakumeen lan-baldintzak hobetzea dute helburu, zaintza sistema publiko-komunitarioa garatuta.
25 orduko lanaldia
Horretarako lan-merkatuan aldaketak egin beharko lirateke. Proposamen zehatz bat zera da: “berehala hasita”, 20 edo 25 orduko asteko lanaldia soldata murriztu gabe, Orozkok esan zuenez, “zortzi orduko lanaldia etxean lanak doan egiten dituen emakumea duen gizonentzat pentsatua baitago”. Lanaldi-murrizketak “zaintzak erantzukizun kolektibo gisa” bermatuko lituzke inor esplotatu barik.
Hortik abiatuta, Estatu zaintza-sistema komunitariorantz joan beharko ginateke epe ertainera. Sistema horrek ugalketa sozialerako beharrezkoak diren lanak kudeatuko lituzke, bereziki zaintza lanak zentzu orokorrean, eremu publiko zein pribatukoak. Eta kalitatea bermatzeko soldata duinak ordainduko lituzke.
Etxeko langileen baldintzak berehala hobetu beharko lirateke, paperik gabekoak erregularizatuta eta langabezia-asegurua ezarrita. Gaur egun 600.000 emakume baino gehiago daude egoera horretan Espainiar estatuan. Orokorrean gaizki ordainduta daude eta ez dute eskubide sozialik edo bigarren mailakoak dituzte.
Autonomia pertsonala sustatzeko sistema
Beste politika espezifiko batzuek autonomia pertsonala sustatzeko sistema indartzea eta publifikatzea aurreikusi beharko lukete. Esate baterako, etxez etxeko laguntza-zerbitzuarekin batera, eguneko zentroen sare bat; edo zahartze aktibo ikuspegitik pentsaturiko politika berritzaileak, hala nola, elkarbizitza etxebizitzak eta abar.
Haurren zaintzarako haurren hezkuntza eta zaintza-sistema integratua proposatzen da. Era berean, adingabeak zaintzeko baldintzarik gabeko %100 arteko lanaldi-murrizketa egiteko aukera emango duen prestazioa berehala onartzea ere bai. Langabezian dauden pertsonak ere barneratuko ditu, nahiz eta ofizialki langabetu gisa onartuta ez egon.
Klikatu hemen Manu Robles-Arangiz fundazioak egin duen hitzaldiaren transkripzioa irakurtzeko.