Jule Goikoetxea pentsalari ausart eta apurtzailea da. Ikuspegi feminista txertatzen du kritika politikoan, feminismorik gabe ez dagoela demokraziarik uste du eta. EHUn Zientzia Politikoko irakasleak ‘Demokraziaren pribatizazioa’ (Elkar, 2017) liburuan patriarkatu kapitalistaren egungo fasea aztertu du.
Duela gutxi, Europako herrialdeen patriarkalizazio maila ikertu zuen, baita Euskal Autonomia Erkidegokoa ere, eta lan horretatik bi kontzeptu atera zituen: familiarizazioa (zenbateraino behar duten emakumezkoek gizonezkoaren soldata bizi ahal izateko) eta merkantilizazioa (zein puntutaraino saldu behar den norbere lan-indarra ondo bizitzeko). Ondorioa EAEn familiarizazio maila altua dagoela izan zen.
‘Jakin’ aldizkariak egindako elkarrizketan egungo politikaz eta bere aurrekariez luze eta zabal hitz egin du. Ikuspegi feminista presente dago beti bere azterketan eta zera ohartarazten du: «Berdintasuna ez da gertatzen, berdintasuna Estatuak ezarri behar izaten du».
Hori azaltzeko adibide bat jarri du: “Demagun berdintasuna jarri nahi dugula soldatei edo aberastasunari dagokienez. Orduan, egiturak behar ditugu aberatsei dirua kentzeko eta pobreei emateko. Horretarako hertsatzaileak diren egiturak, mekanismoak, etab. behar dira”. Hau da, botere harremanak.
“Sentsazioa da demokrazia pribatizatzen ari dela, ez bakarrik errepide batzuk, dena baizik: ura, ezagutza, ongizatea, gobernua…”
Bere ustez, neoliberalismoa eta demokrazia bateraezinak dira, kapitalismoak demokraziaren pribatizazioa dakarrelako. “Sentsazioa da demokrazia pribatizatzen ari dela, ez bakarrik errepide batzuk, dena baizik: ura, ezagutza, ongizatea, gobernua, autoritate publikoak…”, nabarmendu du.
Demokraziaren ideia feminismoari lotuta dago, elkarrekin etortzeaz gain, biak bilakaerak direlako. “Ez dut hitz egiten demokraziaz, baizik eta demokratizazioaz, uste dudalako prozesua dela. Ez dut uste inoiz iritsiko garenik demokraziara, herri guztiek bere burua gobernatzeko gaitasuna izango dutenik”.
Publikotasunaren defentsa
Utopia hori garatzeko Estatua behar dela dio, hau da, publikotasuna zentzu zabal batean: “Demokratizazioan, herriak gobernatzen baldin badu bere burua, pribatizazio-prozesuetan kontrakoa gertatzen da: gobernu-gaitasuna (adiera guztietan: gure gorputza, etxea, auzoa edota herria gobernatzeko) eta sortzeko gaitasuna (ezagutza, aberastasuna, ongizatea sortzeko) pribatizatu egiten da, gutxi batzuen esku geratzen da”.
Gainera, sistema demokratiko, sozialista edo feminista proposatzea “konplikatua” dela aitortu du. Hori ezkerretik etorriko dela iritzi dio baina ezkerrak “uste du Estatua txarra dela, eta familia ona (edo estatua txarra dela, eta gizartea edo gizakia ona). Hori da liberalismo kristaua, eta hori kendu arte galtzen jarraituko du ezkerrak”.
Demokrazia feminista ezartzeko beste oztopo batzuk ere badira, Goikotxearen iritzian:
- “Eskumakoek boterea nahi dute, horregatik irabazten dute beti; ezkerrean, aldiz, denak boterearen kontra daude. Beraz, ez dute inoiz boterea hartzen”
- Ezkerrak ez du patriarkatua aztertzen. Horregatik, “gizonezkoek planteatu dituzten proposamen ia guztiek emakumezko esklaboak behar dituzte, ez dituztelako erreprodukzio sozialerako mekanismoak aurreikusten”.
- Gauzak horrela, gizonak eta emakumeak elkarren aurkako gizarte-klase bihurtzen dira, nahiz eta jendeak jarraitzen duen “kategoria horiek biologizatzen, eta ez politizatzen. Feminismoan, gehiago politizatu da emakumezkoaren kategoria, baina ez gizonezkoarena”. Horrenbestez, “gizonezkoek ez dute ulertzen beren burua klase sozioekonomiko eta soziopolitiko moduan, eta ez dute inolaz ere entzun nahi ardatz horretan beraiek direla klase zapaltzailea”.
- Pentsamendu errepublikanoa ere ez da antipatriarkala. “Liberalismoaren parametroetan garatu da beti. Errepublikanismoaren balioak antzekoak dira: gizakia ona da, baliabideak emanda, familiaren alde dago errepublikanismoa. Ez da pentsamendu antipatriarkala”.
- “Familiaren kontra dagoen korronte bakarra feminismoa da”. Errepublikazaleak “monarkiaren kontra daudenak dira edo liberalismo komunitarioaren alde daudenak, baina balio liberal, kristau eta patriarkalekin”.