10.000 emakume euskarazko wikipedian

Euskarazko wikipediak 20 urte beteko ditu abenduan, gaztea da oraindik, baina 380.700 artilulutik gora ditu ikusgai jadanik, egunetik egunera gehitzen doan kopurua. Horretarako wikipedia hornitzen dihardute hainbat wikilarik. Ez da zeregin eta erronka makala.

Oraintsu berriz, 10.000 emakumeren biografiak editatzera heldu gara wikilariok. Kopuru polita da eta pozik gaude, baina oraindik helburutik urrun gaudenik ahaztu barik. Egia esan, portzentaian oraindik gutxi gara, %20.1, baina horretan ere aurrera egin du euskarazko Wikipedian, 2017ko martxoko neurketa batean %13.63 bakarrik baitzen emakumeen presentzia. Aurrera bai, baina datuen arabera arrakala handia da oraindik, halandaze, bide luzea dugu jorratzeko.

Genero-arrakala

WikiEmakumeok honetaz jabeturik gaude eta genero-arrakala hori murrizteko ahalginean dihardugu. Mentxu Ramilo arabar politologoa izan zen sare honen sortzailea, 2015ean eman zion hasiera WikiEmakumeok egitasmo honi. Durangon ostera, 2018an hasi ginen eta harrezkero hainbat emakume bistaratu ditugu. Durangokoengandik hasi ginen, eskualdekoekin jarraitu eta gaur egun bertoko zein kanpoko emakumumeen biografiak editatzen ditugu. Txiri-txiri bagabiz, astero elkartzen gara taldetxo bat Andragunean. Jadanik 550 emakumeren biografiak wikipediaratu ditugu.

Aipatutako taldeko kideok gogotsu dihardugun arren, egitekoa handia denez gero, editore gehiagorengana heldu nahi genuke, hau da, partaide gehiago nahi genituzke taldean. Hori dela eta, aurkezpen ekitaldi bat antolatu dugu, gure egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko. Erduzie. Anima zaitezte. Wikipedian editatzea ez da zaila.

Wikiemakumeok aurkezpena

Durangoko Andragunean
Urriaren 1 (barikua)  18:00

 

Mentxu Ramilo eta Marisa Barrena