Zaintza eskubide kolektiboaren alde borrokan jarraitzeko asanblada deitu dute

A30eko Zaintza eskubide kolektiboaren aldeko greba feminista orokorra antolatu zuten erakunde eta elkarte feministek helburu horretan lan egiten jarraitzeko asanblada deitu dute urtarrilaren 28rako Gasteizko Toki Eder ikastolan. Ordutegia  9:30-17:30 izango da eta izena hemen eman daiteke.

Grebaren antolatzaileek A30eko eguna historikoa izan zela uste dute eta horrek indarra ematen diela aurrera jarraitzeko. Hurrengo urrats gisa, “zaintzaren gaiari urgentziaz heltzeko” mahai intersektoriala sortzea exijitu diote Eusko Jaurlaritzari: “Ez egin entzungor gure eskaerei. Borondate politikoa eskatzen dugu urgentziazko egoera honetan”. Gobernuetan, udaletxeetan eta foru aldundietan ardura dutenei helarazi diete deia.

Aldi berean, orain arte sortutako aliantzak handitu eta sendotu nahi dituzte. Adierazi dutenez: “Gure arteko aliantzak eraikitzen ere jarraituko dugu, Herri Akordioan jasotako eduki eta aldarrietan sakonduz”. Sortu duten guztia, “antolatu, zaindu eta bizirik” mantentzeko konpromisoa azaldu dute.

Zaintza sistemaren gabeziak

Zeintzuk dira zaintza sistemaren gabeziak eta aldatu nahi dituzten egoerak? Komunikatu batean zera diote:

  • Euskal Herriko zaintza-erregimena erabat asistentzialista eta familista da. Sinestarazi da familiak eta zehazki, emakumeak direla zaintza lan horiek egin behar dituztenak. Oso murritzak dira zaintza lanak eskaintzen dituzten gizarte-zerbitzu publikoak. Gainera, zerbitzu gutxi horiek pribatizatzen ari dira instituzioek. Zaintza negozioa bilakatu dute, etekinei begiratuz, azpikontratazioen bidez eremu publikotik atera eta merkatu pribatuaren esku utzi dute. Horregatik esaten diegu, funts putre, multinazional, eta irabazi asmoa sostengatzen ari diren enpresa zein instituzioei: utzi gure bizitzekin negozioa egiteari!
  • Etxeko eta zaintza lanak, historikoki, gutxietsita eta ikusezin egon dira, ez dira lan gisa onartu, eta horregatik ez dira lan erregimen orokorrean sartuta egon. Horrek langileen esplotazioa eta prekarizazioa baimendu du. Era berean, atzerritartasun legeak eta horri lotutako arrazakeria instituzionalak, politikoak, legalak, sozialak… ez die emakume etorkinei bestelako bizi eta lan aukerarik eskaintzen. Etxeko langile egoiliarrak ez du egun inolako eskubiderik: ez atsedenerako, ez gaixotasun baimena izateko, ez langabezia, ez greba eskubidea…
  • Landa eremuan are argiago egiten zaigu sistema honek bizitzaren aurka duen programa. Zerbitzu sozialez hustu dituzte eta turismo eta aisialdirako prestatu, bertako biztanleria ihes egitera bultzatuz. Lurra, ura, haziak eta abereak pribatizatu dituzte eta makroproiektuen bidez suntsitu. Bizitzeko, bizitza zaindu behar da, bai pertsonona, bai naturarena.
  • Pentsiodunek ere argi diote! Erretiro pentsio baxuenak dituztenen artean, % 80 emakumeak dira. Lan feminizatuak eta bereziki zaintza lanak aintzat ez hartzearen ondorio zuzena. Hori horrela, gaurko egun hau ere, Euskal Herriko Pentsionisten mugimenduak aspalditik exijitzen duena exijitzeko erabili nahi du, 1080 euro orain! pentsionista guztiontzat, inolako bereizketarik gabe.

Aipaturiko guztiagatik esaten dute “gaur egungo sistema kolapsatua dagoela eta ezinbestean, berehala, egoera larriei buelta eman behar diegula”. Era berean, uste dute epe luzera begiratu behar dela eta “kapitalismoa, patriarkatua eta kolonialismoaz gaindi, etorkizunean nahi dugun zaintza sistema publiko-komunitario amesteko eta praktikan jartzen hasteko unea” dela.