Tene Mujika beka, historia hurbila zabaltzeko baliabidea

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko asmoz, XVII. Tene Mujika beka sortu dute. Zenbatekoa 6.000 eurokoa izango da.

Debaren azken 60-70 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke (adibidez: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak…). Lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.

Proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. Ez da fikziorik onartuko baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio-lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak.

Proiektuak 2022ko abenduaren 11ra arte bidal litezke. Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Cira Crespok osatuko dute epaimahaia.

Gainerako eskakizunak hemen klikatuz kontsulta daitezke.